Maiatzaren 10ean hasi zen Algaraka Bakarrizketa Lehiaketa, eta bi kanporaketa jokatu dira ordutik: Bergaran eta Urretxun (Gipuzkoa), hurrenez hurren. Orain, hirugarrena –eta azkena– izango da, Zumaiako Aita Mari aretoan (Gipuzkoa): egubakoitzean, hilaren 24an, egingo da, 20:00etan, eta sarrerak eskuragarri daude.
Kanporaketa bakoitzean lau bakarrizketari aritu dira lehian, eta horrela izango da oraingoan ere. Zehazki: Manex Astigarraga (Deba, Gipuzkoa), Joxe Aldasoro (Etxarri Aranatz, Nafarroa), Ander Maldabi (Albiztur, Gipuzkoa) eta Amaia Ruiz de Galarreta (Tolosa, Gipuzkoa). Horrez gain, Aner Peritz bertsolaria bakarrizketari gonbidatua izango da; aldi berean, epaimahaikide ere bada Idoia Torregarai eta Josu Zubiarekin batera. Are gehiago, egubakoitzean alboan izango dute Maria Blanco umoregilea.
Finala, Bergaran
Bergarako Seminarixoan jokatuko da finala maiatzaren 31n, eta hiru finalista egongo dira oholtza gainean: saio bakoitzetik bana, hain justu. Lehenak mila euroko saria eskuratuko du; bigarrenak, berriz, 600 eurokoa. Hala ere, biendako izango dira Bergarako tostoi eta erreilenoak. Hirugarrenak, Bergarako Zumelaga jatetxean afari bat, eta Lamaino Etxeberri nekazari-etxean gaua eta gosaria erdietsiko ditu. Are gehiago, Bergara Saria ere izango da: 250 euro herrian erabiltzeko bonuetan.