Behizain –esne behiak– eta Artzain –ardi eta ahuntz azienda– eskolak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da datozen egunetan, haien eskaintza akademikoaren berri emateko bisita bana antolatu baitute; hala, azpisektore horietan lan egin nahi duten pertsonek instalazioak ezagutuko dituzte eta, aldi berean, eskoletako proposamen akademikoaren berri izango dute.
Aretxabaletako Areantza auzoan dago Behizain Eskola, Areantza-Etxebarri baserrian, eta maiatzaren 24an, egubakoitzean, egingo dituzte ate irekiak. Julen eta Agustin Abasolo anaiak dira ikastaroaren kudeatzaileak, esperientziadunak esne behien sektorean, eta haiek izango dira, beraz, ate irekietako gidariak. Hala, ikasleek ikasturtean zehar bizitoki zein lantoki izango dituzten instalazioak –ukuilua, gaztandegia, jezteko gela eta merkaturatzea– ezagutuko dituzte, eta baita prestakuntza ereduaren berri jaso ere; ordu teorikoak eta praktikoak jartzen ditu barne, hain justu, eredu horrek.
Gomiztegiko Artzain Eskolak, berriz, Oñatin, 25 urte baino gehiago daramatza irakaskuntzan, eta maiatzaren 31n egingo ditu ate irekiak, egubakoitza. Haien instalazioak erakutsiko dituzte hauek ere, eta ardi eta ahuntzei buruzko ikastaroaren gaineko informazioa emango dute. Ikasleek zuzeneko harremana izaten dute ikasketa hauetan animaliekin, eta laborategietara eta kudeaketa zentroetara ere bisitak egiten dituzte; are gehiago, baita baserrietan praktikak ere.