Gurutze Gorriak 40 urte beteko ditu aurten Debagoienean. Urteurren borobila dute eta artatutako pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen du: 2023an %45 gehiago izan dira.
678 pertsona artatu zituen Debagoieneko Gurutze Gorriak iaz; 524 kalteberatasun-egoeran zeudenak, 76 adineko pertsona, eta desgaituak edo osasun-arazoak zituztenak 78. Horrekin batera, makina bat laguntza programa dituzte martxan.
Prebentzio-zerbitzuei dagokienez 2023an 41 izan ziren –1.429 ordu–. Gainera, larrialdiei aurre egiteko berehalako erantzun taldean 20 boluntariok dihardute lanean, eta talde hori bederatzi aldiz aktibatu zen iaz.
Ate irekiak
Gaur goizean ate irekiak izan dituzte Elorregiko egoitzan. Askotariko boluntarioak aritu dira lanean eta denen artean Javi Igartua presidentea eta Alba Casares teknikaria aritu dira guztia koordinatzen.
Aparkalekuan umeendako jokoak, informazio-mahaia eta sorospen lanetarako ibilgailuak eta anbulantziak izan dituzte erakusgai. Errepidea gurutzatu eta egoitzara etorrita, gurpildun aulkiak eta ibiltzen laguntzeko gailuak egon dira ikusgai garajean –mailegu programa du Gurutze Gorriak–. Horrekin batera, egoitza barrutik ikusteko aukera izan da.
Bazkide eta boluntario kanpaina
Gaur egun, 89 pertsonak dihardute boluntario lanean Debagoieneko Gurutze Gorrian. Asteon egin dute boluntario berriak egiteko formakuntza saioa eta Javier Igartua presidenteak esan du zortzi lagun bertaratu zirela. "Ikusiko dugu, boluntario egiten diren ala ez. Ez dugu formakuntza egunean bertan boluntario egiten uzten; pentsatu eta gero betetzen dute boluntario-formularioa".
Bazkide zein boluntario kanpaina zabalik daude beti Debagoieneko Gurutze Gorrian. Hain zuzen ere, ate irekien eguna baliatu dute gerturatu diren bazkideei diploma emateko.