Zazpi debagoiendar Gipuzkoa Bertsotaneko bigarren itzulian

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mai. 18a, 19:02

Bigarren itzulira pasatu diren bertsolariak.

Atzo jokatu zen Gipuzkoa Bertsotaneko lehen itzuliko azken saioa, Oñatin. Andoni Rekondo hernaniarrak irabazi zuen saioa. Lehen itzulia amaituta, erabakita gelditu da nortzuk pasako diren bigarren itzulira. Zazpi debagoiendarrek lortu dute pasatzeko txartela.

Amaitu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen faseko lehen itzulia. Oñatin jokatu zen azken kanporaketa, eta Andoni Rekondo hernaniarrak irabazi zuen saioa, 346 puntu eskuratuta. Haren atzetik gelditu ziren Maddi Aiestaran Iparragirre (326,5), June Aiestaran Iparragirre (319), Aimar Sorazu Roteta (293,5), Maide Garmendia Jauregi (276,5) eta Lierni Rekondo Villaron (273,5).

Andoni Rekondo Oñatiko saioan. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Bigarren itzulia

Azken saio honekin erabaki ziren bigarren itzulira pasako diren bertsolariak. 48 bertsolari pasako dira guztira, eta horietatik zazpi izango dira debagoiendarrak: Ane Zuazubiskar, Maider Arregi, Haizea Arana, Aitor Tatiegi, Oihana Arana, Urko Arregi eta Urko Egaña. Beste saio baten kantatu beharko du bertsolari bakoitzak, eta bi saioetan eskuratutako puntuen batuketa eginda, puntu gehien dituzten 34 bertsolariek eskuratuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela.

Leintz bailarako bertsolariak izango dira lehenak kantatzen. Haizea eta Oihana Arana eskoriatzarrak maiatzaren 25ean kantatuko dute, Antzuolako Torresoroa Antzokian. Egun berean kantatuko du Ane Zuazubiskarrek, baina honek Pasaiako Donibane Kulturgunean kantatuko du. Oñatiarren txanda izango da hurrena. Aitor Tatiegi eta Maider Arregik Usurbilgo Sutegi Aretoan kantatuko dute, maiatzaren 26an. Urko Arregik berriz, Elgetako Espaloia Kafe Antzokian kantatuko du, ekainaren 1ean. Azkenik, Urko Egañak ekainaren 2an kantatu beharko du, Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Saio guztiak 17:00etan hasiko dira. Sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak