Palestinari babesa adierazteko helburuarekin, elkarretaratzeak egin dituzte Debagoieneko hainbat lantokitan, askotariko sindikatuek deituta: ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT LKN, STEILAS, Solidario, EHNE, Etxalde eta Hiru.
2023ko urritik Israel Palestinan egiten ari den eraso neurrigabea salatu dute, nagusiki azken egunetan Rafah hiria hartu eta zibilak bonbardatu izana. Egoera horren aurrean, "eta Rafahn lurreko eraso bat izanez gero gerta daitekeena kontuan hartuta", deialdia sinatu duten sindikatuek lau aldarrikapen egin dituzte.
Batetik, Gazak bizi duen genozidioari amaiera emango dion su-eten iraunkor bat eskatu dute. Bestetik, alde guztien arteko negoziazioaren eta elkarrizketaren bidez eta nazioarteko komunitatearen babespean eman beharreko konponbide integrala. "Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera, preso politiko eta errefuxiatu palestinarren itzulera nahiz Palestinak nazioarteko komunitateak onartutako estatu bat izateko duen eskubidea bermatuko duena".
Horrekin batera, exijitu dute Israeli armak saltzeari uztea eta enpresa, erakunde lokal, estatal nahiz europarrek, edota unibertsitate nahiz eragile sozialek, Palestinak bizi duen genozidioa salatzen ez duten entitate edo erakunderekin aktibitate komertziala, ekonomikoa edota beste edozein eremutakoa etetea.
Azkenik, Hego Euskal Herriko erakundeek nahiz Espainiak Nazioarteko Zigor Gortean Esku-hartze Adierazpenak aurkeztea aldarrikatu dute, "Israelen aurka abian den demandari babesa eskainiz".