Granadan dago LF2ra igotzeko azken geltokia

Xabier Urtzelai 2024ko mai. 17a, 18:00

MUko jokalariak, domekan, lauko finala irabazi berritan, zaleekin ospatzen. Argazkia: Angel Ayastuy

Domekan Euskadiko lehen mailako lauko finala irabazi eta gero, moreek hilaren 23an hasiko dute igoera fasea. Multzo zailena egokitu zaie arrasatearrei: Granadako, Zaragozako eta Caceresko erreferentziazko taldeak izango dituzte aurrean.

Ointxe!-ko emakumezkoen taldea 2022an Euskadiko Lehenengo Mailara igo zenean Arrasateko klubean inor ez zen lasaitu. Mondragon Unibertsitatekoek bi denboraldi baino ez dituzte behar izan kategoria horretan ere erreferentziazko talde bilakatzeko, eta joan den asteburuko lauko finalean borobildu zuten orain arteko lana, finalean Easori 56-59 irabazi eta LF2rako (Liga Femenina 2) igoera faserako sailkatuta. Horrek esan gura du maiatzaren 23tik 26ra bitartean Granadan jokatuko duten igoera fasean moreek Espainiako emakumezkoen Hirugarren Mailara igotzea eskura dutela, horren gainetik Challenge Liga eta Emakumezkoen Lehenengo Maila baino ez daude eta.

Ez da ezusteko lorpena

Ointxe!-ko kirol arduradunak, baina, lortutakoak ez ditu sorpresaz harrapatu. "Egia esateko, aurreikusi baino azkarrago lortu dugu hona iristea, baina aurreikuspenetan geneukan, gure ibilbide-liburuan sartuta geneukan. Pentsa, duela bi hilabete lauko finala prestatzen hasi ginenean igoera fase hau ere aurreikusi genuen; lauko finala irabaztea ondorio bat baino ez da izan", adierazi du Iñaki Ogara Arri-k. Arrasateko neskek astelehena atseden hartzeko aprobetxatu zuten, eta aste barruan fase berria prestatzen ibili dira.

Datorren martitzenean egingo dute azken lan-saioa eta eguaztenean egingo dute Granadarako bidaia, eguenean bertan hasiko dute-eta igoera fasea. Hala, fase horretarako hamasei talde sailkatu dira, eta lau multzotan banatu dituzte. Multzo bakoitzeko lehenengo sailkatua eta bigarren sailkatzen diren bi onenak igoko dira LF2ra; sei talde, guztira.

Multzo zailena

Arrasatekoak Granada Mas Baloncesto, Stadium Casablanca eta CB Al-Qazeres B taldeekin daude multzoan. "Egia da multzo zailena egokitu zaigula, baina dena ematera goaz. Granada Mas Baloncesto taldeak etxean jokatuko du, eurek antolatuko dute fasea, eta azken hiru urteotan fase horretarako sailkatu dira. Apustu sendoa egin dute klubetik, mailaz igo nahi dute eta sekulako denboraldia egin dute ligan: jokatu dituzten 22 partiduak irabazi egin dituzte.

Casablanca, berriz, Zaragozako emakumezkoen bigarren taldea da. Hiriburu horretan saskibaloiak indar handia du, eta horiek ere kontrario gogorra izango dira. Azkenik, Al-Qazeres taldea Caceresko saskibaloi klubaren bigarren taldea da, harrobiko taldea. Euren jokalari batzuek badakite Challenge ligan [maila bat gorago] jokatzea zer den, euretako batzuek bekak dituzte eta eskarmentu handiko taldea da. Hori horrela, badakigu fasean aurrera egitea oso zaila izango dela, baina partiduak kantxan irabazi behar dira, partiduak bost bosten kontra jokatzen dira, eta, lehen esan moduan, gauzak ahalik eta ondoen egitera goaz".

Igoera faseko ordutegiak:

  • Eguena, maiatzak 23 • 19:00 Mondragon Unibertsitatea - Granada Mas Baloncesto.
  • Egubakoitza, maiatzak 24 • 17:00 Stadium Casablanca - Mondragon Unibertsitatea
  • Zapatua, maiatzak 25 • 17:00 Mondragon Unibertsitatea - Alter E. Al-Qazeres.
  • Domeka, maiatzak 26 • 13:00 3. multzoko bigarrena - 4. multzoko bigarrena. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak