Altxa Burua Atxabalta-Eskoitza taldea abiatzear da hitzaldi batekin

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 16a, 16:40

Eskuko telefonoaren zentzuzko erabileraren gaineko hausnarketa sustatu gura du taldeak eta Maitane Ormazabal eta Telmo Lazkano adituak gonbidatu dituzte horretarako. Hitzaldia maiatzaren 23an, eguenean, izango da Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, 18:00etan, eta izena aldez aurretik emateko eskatu dute.

Gaztetxoen artean eskuko telefonoaren erabilerak kezkatuta Altxa Burua mugimendua sortu da azken hilabeteetan Gipuzkoako hainbat herritan. Eta orain, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako gurasoek eratu dute Altxa Burua Atxabalta-Eskoitza taldea. Horien helburua da lanketa bat egitea, telefonoaren "erabileraren ardura gurasoena dela onartuta", eta erabakiak modu kontzientean hartzeko erremintak izatea.

Horren berri emateko herrietako ikastetxeetako arduradunekin eta alkateekin elkartu dira, eta orain, hitzaldi bat antolatu dute.

Aditu biren hitzaldia

Maitane Ormazabal eta Telmo Lazkano izango dira hizlariak, Gipuzkoako Altxa Burua mugimenduaren aholkulariak eta Nerabeen Garrasia liburuaren idazleak. "Liburu horretan nerabeen osasun mentalari buruzko hausnarketa sakona egiten da eta sare sozialek beraiengan duten inpaktu kognitiboa, emozionala eta mentala aztertu dute, gazteak telefonoari kateatuta geratzen direlako", adierazi dute taldeko kideek.

Saioa maiatzaren 23an izango da, 18:00etan, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean.  Eta bertan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da honako galdetegi hau beteta: ​​​​​​​https://labur.eus/GazteakEtaMugikorrak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak