Gurutze Gorriak ate irekiak egingo ditu domekan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mai. 14a, 14:55

Gurutze Gorriko ate irekiak 2022an. Irudia: Goiena.

Instalazioak eta ibilgailuak ez ezik, eguneroko jarduna ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek; horrez gain, ate irekietara joatea boluntario izan nahi dutenendako aukera "ezin hobea" izan daiteke.

Debagoieneko Gurutze Gorriak ate irekiak egingo ditu datorren domekan, maiatzaren 19an, Elorregin, eta debagoiendarrak gonbidatu dituzte parte hartzera, egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko: "Ateak beti daude zabalik, baina jardunaldi berezi bat prestatu dugu zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei laguntzeko abian ditugun proiektuak ezagutu nahi dituzten helduentzat; baita sorospen eta larrialdietan egiten ditugun jarduerak ezagutu nahi dituztenentzat ere", esan du Javier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak.

Haren arabera, Gurutze Gorriko boluntarioek ere parte hartu dute jardunaldien antolaketan, eta hainbat jarduera antolatu dituzte; horrez gain, Sanprubusa tabernako kideak ere antolakuntzan izan dira. Are gehiago, han izango dira Larrialdietako Berehalako Erantzuneko Taldeko eta Lurreko Bilaketa eta Salbamenduko Taldeko partaideetako batzuk ere, larrialdiei aurre egiteko nola antolatzen diren azaltzeko.

Boluntariotza lana

89 pertsonak osatzen dute Debagoieneko Gurutze Gorriko boluntarioen sarea, 20 eta 70 urte bitartekoak; horietako batzuek abian dituzte proiektuen berri emango dute, esate baterako, Atxikimendu Terapeutikoa eta Eskola Arrakasta programak. "Ate irekien eguna aukera ezin hobea da boluntario lan bat hastea pentsatzen ari diren pertsona guztiak gurekin harremanetan jartzeko eta Gurutze Gorrian aurki ditzaketen aukerak ezagut ditzaten". Igartuak zehaztu duenez, gainera, ez da beharrezkoa "prestakuntza berezirik" izatea, "bakoitzak ahal duena" egiten baitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak