Hiru final geratzen zaizkie aretxabaletarrei, baina, zalantza barik, oraingo asteburuko jardunaldia erabakigarria izan daiteke Hirugarren Mailara nor igoko den erabakitzeko. "Eibarren kontrako partidua final bat da, bai, baina ezin ditugu ondoren etorriko diren beste bi partiduak ahaztu. Izan ere, Eibarren kontra irabazi egiten badugu eta ondoren Elgoibarren edo Oiartzunen kontra hanka sartzen badugu...", adierazi dio GOIENAri aste barruan Unai Calzonek. "Alde horretatik, denoi geratzen zaizkigu hiru partidu, baita eibartarrei ere. Alegia, euren kontra galduz gero ere ez litzateke dena galduta egongo. Hiru partiduak dira guretako garrantzitsuak".
Kontrario gogorra
Aretxabaletako entrenatzailea Eibarren mailak ez du ezustean harrapatuko: joanekoan Ibarran armaginak 1-3 nagusitu ziren. "Talde oso ona dute, sendoak dira, eta, horrekin batera, futbolean ondo egiten dute. Baina seguru guk ere gure aukerak izango ditugula; talde oso ona daukagu, eta erabateko konfiantza dugu gure buruarengan. Lehia polita izango dela uste dut". Hala, emaitzaren arabera, aurreikusten du azken jardunaldietan kalkulagailua eskuan izango dutela. "Segurua den gauza bakarra da partidu guztiak irabazten baditugu ez diogula inori begiratu beharko".
Zaleen babesa
Izan ere, joan den astean Aretxabaletaren eta Deustoren arteko partidua ikusteko Ibarrako harmailak bete egin ziren, eta entrenatzaile aretxabaletarrak espero du domekan Unben ere jendea egotea taldea babesten: "Partidu polita izango da, guretako norgehiagoka garrantzitsua da, eta Eibar moduko talde baten kontra... Animatuko nituzke zaleak, bai, partidua ikustera etortzeko".
Laugarren dagoen Bergarak (59 puntu) dagoeneko ez du askorik jokoan, eta postu horretan amaituko du liga, bai atzetik eta bai aurretik kontrarioak urrun daudelako. Baina geratzen diren bi jardunaldiak zapore onarekin amaitu nahi dituzte. Domekan Deustoren zelaira egingo dute bisita (17:00).