Herri Arteko Txapelketako itzulerako partiduak jokatuko dituzte gaur, egubakoitza, Oñatin (18:30) eta Bergaran (19:00). Eta joan den asteko joaneko partiduak kanpoan izan zirela kontuan hartuta, bailarako taldeek ondo hasi dute torneoa.
Bergararrek ondo baino hobeto hasi dute, bikain, Amasa-Villabonakoei 0-3 irabazi zieten eta. Kadete mailan Etxabek eta Etxeberriak 10-22 irabazi zuten; gazte mailan Alberdik eta Ormaetxeak 1-22; eta senior mailan Etxanizek eta Oterminek 5-22. Hala, kanporaketa oso bideratuta dute mahoneroek.
Oñatiarrena, parekatuago
Aloña Mendiko mutilei dagokienez, oñatiarrek oso lan txukuna egin zuten Amezketako pilotalekuan, baina egia da kanporaketa oso irekita dagoela eta etxean erabaki beharko dutela, gaur. Kadete mailan Lizarraldek eta Rodriguezek 22-5 galdu zuten; gazte mailako partidua oso parekatua izan zen, baina amezketarrak nagusitu ziren Lizarralderen eta Madinagoitiaren aurka (22-21); eta senior mailan bai, Erlek eta Perezek osatutako bikoteak 22-14 hartu zituen mendean amezketarrak. Hala, emaitza orokorra Amezketaren aldekoa da, oraingoz (2-1), baina gaurko partidua geratzen da, eta, gainera, kalkulagailua eskuan izan beharko du batek baino gehiagok, tanto aldea ere erabakigarria izaten delako torneo horretan.