Eroskik 109 milioi euroko emaitza izan zuen iaz

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mai. 9a, 12:09

Rosa Carabel Eroski taldeko kontseilari ordezkaria. Irudia: Eroski.

Rosa Carabel Eroski taldeko kontseilari ordezkariaren arabera, "eraginkor" aritu dira kudeaketan, eta "lan bikaina" egin dute. Hazten jarraitzea du aurrera begirako helburuetan.

Iazko balantzearen aurkezpena egin du asteon Eroskik, eta Rosa Carabel Eroski taldeko kontseilari ordezkariak jakinarazi du 109 milioi euroko emaitzarekin amaitu dutela 2023ko ekitaldia, kontuak 2024ko urtarrilaren 31n itxita. Datuek berresten dutenaren arabera, beraz, hoberantz doa Eroski; esate baterako, 5.729 milioi euroko salmentak izan zituen iaz, aurreko urtean baino%6,3 gehiago.

Bada, emaitza horien berri ematean testuinguruaz jardun du Carabelek: "Kostuek gogor handitzen jarraitu dute, bai saldutako produktuenak eta bai jarduera garatzeko beharrezkoak diren zuzeneko zerbitzuenak; hori ikusirik, kudeaketan eraginkor jardun gara, eta aurrerabide esanguratsuak ez ezik, lan bikaina ere egin dugu inflazio aldi honetan". Haren arabera, aplikatu dituzten estrategiek "erantzuna eman diete gaur egungo erronka ekonomikoei", eta horretarako "funtsezkoa" izan da "eginahala eraginkortasunean" jartzea. "Horri esker, sendotasunez kontrolatu eta hobetu ditugu gastuak, baita gure plataformen produktibitatea eta efizientzia ere, eta horniketa kate osoarena. Optimizazio horrek indartu egin du Eroskiren posizioa bai prezio aldetik eta bai erakargarritasun komertzioaren aldetik".

Haztea du helburuetako bat

Eroski sare komertziala "handitzen, egokitzen eta berritzen" aritu da 2023an, eta beste 74 saltoki eta gasolindegi irekitzeaz gain, jada zabalduta zituen batzuk eraldatu ditu. Horrez gainera, 15 milioi euro bideratu ditu berrikuntzaren eta garapenaren alorreko proiektuetara, berrikuntza alorreko 31 ekimenetan parte hartuta. Gizarteari eginiko ekarpenari dagokionez, 23 milioi eurokoak izan ziren, batik bat "kontsumitzaile bazkideen eginahalagatik eta instituzioen eta administrazioen elkartasun txartelaren bitartez egindako kolaborazioengatik zein Eroskik eta Eroski Fundazioak emandakoengatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak