Laugarren greba eguna izan dute gaurkoan Gipuzkoako Aspace eguneko zentroetako eta hezkuntza eta arreta goiztiarreko langileek, eta ELAk nabarmendu du aurreko aldietan baino jarraipen "handiagoa" izan duela: "Erabatekoa izan da; greba egin zezaketen grebalari ia guztiek egin baitute bat".
Haren arabera, Aspacek "erabat blokeatuta" du hitzarmenaren negoziaketa, baina langileek urratsak egiteko eskaria egin dute: "Administrazio publikoari eta Aspaceri eskatzen diote erosahalmena bermatzeko soldata hobetzeaz gain, gainontzeko hobekuntzak bermatzea: lana eta bizitza kontziliatzea ahalbidetuko dituzten neurriak, hobekuntza sozialak eta enpresa beraren antolaketa eta funtzionamendua hobetzea". Hala, Aspacek eta administrazioak jarrera aldatu ezean, mobilizazioekin jarraituko dute.