Harreman Denda Lorabarri Azokan izango da Aramaion, baina batik bat Elgetan ospatuko den Puntaik Punta jaialdiko parte hartzea nabarmendu dute proiektuko kideek: maiatzaren 10ean, 11n eta 12an egingo da. "Debagoieneko jaialdia izanik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu azken honetan egotea. Munduaren eraikitzea gure herrietatik bertatik hasten da. Herritarrok badugu gauzak aldatzeko boterea. Justizian, berdintasunean eta denon ongizatean oinarritutako gizarte bat eraiki dezakegu". Haien arabera, "aukerak ugariak" dira eta bidezko merkataritza da horietako bat: "Kontsumismo basatiari eta enpresa transnazional handien irabazi goseei aurre egiten dion bidea, merkataritza beste era batera antolatzekoa".
Azaldu dutenez, bidezko merkataritzak aukera ematen du kontsumitzaileak ekoizleekin lotzeko, "prozesu eraldatzaileak bultzatuz eta herrialde pobretuetako milaka pertsonaren bizitzan eragin positiboa sortuz". Hala, "justizia eta berdintasunean oinarritutako merkatu estrategia baten bidez", dozenaka lagunek lan baldintza egokiak erdiesten dituztela nabarmendu dute, "ordainsari duin batekin, eta, horri esker, euren familiak elikatu eta ongizate komunitarioan parte hartuz". Era berean, erantsi dute herrialde aberatsetako herritarrek bidezko merkataritzaren alde eginez gero, "mundu justuago bat eraiki" daitekeela. "Pobrezia egoeran bizi diren pertsonei alternatiba eraginkorrak eskainiz, eta gure osasuna eta denon planeta zaintzen duten produktu ekologikoak kontsumituz".