2023ko azken hiruhileko datuak ere eman ditu Eustatek. Horien arabera EAEn 3.465 haur jaio ziren, aurreko urteko aldi berean baino %0,1 gutxiago. Hala ere, Bizkaian emandako beherakada da horren erantzule, izan ere, Gipuzkoan eta Araban jaiotzek gora egin zuten. Gipuzkoan 1.227 jaiotza egon ziren (%4,5 hazi), Araban 593 (%7 hazi) eta Bizkaian 1.645 (%5,6 jaitsi).
Bestelako datuei dagokionez, Eustatetik bi nabarmendu dituzte; biak ere amen ingurukoak. Lehena, amen ia %80k 30 urte baino gehiago zituela; eta bigarrena, ezkondu gabeko amak %51,2 izan zirela.
Jaiotzak adinaren arabera banatuz gero, 35-39 urteko amen ehunekoa %33,4 da, 30-34 urteko amena %33,4, eta 25-29 urteko taldearena %14,7 izan zen. 40 urtetik gorako amak (%11,4) gehiago izan ziren 25 urtetik beherakoak baino (%7,1). Nazionalitatea ere kontuan izan du Eustatek, kasu horretan garbi ikusi dute amatasunaren adina ere aldatu egiten dela nazionalitatea kontuan hartuz gero. Izan ere, ama atzerritarren batez besteko adina 30,9 urtekoa izan zen, eta nazionalitate espainiarreko amena, berriz, 34,6 urtekoa.
Egoera zibilari dagokienez, 2023ko laugarren hiruhilekoan ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztizkoaren %51,2 izan ziren, 2022ko aldi berean baino 0,3 puntu gutxiago. Jaiotza-hurrenkeraren arabera, erdiak baino gehiago, 1.780 (%51,4), lehenengo seme-alabak izan ziren; 1.228 (%35,4) berriz erditu ziren; hirugarren eta ondorengo seme-alabak 457 izan ziren (%13,2).