Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak jakinarazi duenez, gaurtik aurrera ezin da patinete elektrikorik sartu Gipuzkoako garraio publikoan, "Mugi sistema osatzen duten ibilgailuetan bidaiatzen duten pertsonen segurtasun arrazoiengatik", hain justu, Azahara Dominguez GGLAko lehendakariordeak nabarmendu duenez. "Mugikortasun elektrikoko elementu horien bateriek eragindako suak, keak eta deflagrazio txikiek kalte fisiko zein material larriak eragin dituzte garraiobideen barruan, eta, beraz, erabaki hau hartu behar izan dugu nazioartean, [Espainiar] Estatuan eta ondoren autonomia erkidegoetan izan den debeku korronteari jarraituz".
Mugarik gabekoa da, gainera, ezarritako debekua, patinete elektrikoen fabrikatzaileek tankerako produktuen –esate baterako, mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuen edo bizikleta elektrikoen– "homologazio eta segurtasun neurri antzekoak" ez badituzte ezartzen behintzat, era horretan arrisku egoerak saihesteko.