Datuek argi uzten dute Zubikoako kantxan bizi izan zena: lehen laurdena 11-25 amaitu zen; bigarrena, 22-36; hirugarrena 28-51 eta amaierako markagailua 40-66 izan zen. Nabarmendutako jokalarien artean Aitor Barreiro oñatiarrak 13 puntu egin zituen eta Manex Bengoa bergararrak, berriz, zortzi puntu.
Biotz Aloña Mendiko Aitor Barreirok jakin bazekien atzoko porrota merezitakoa izan zela eta aitortu zuen "kolpe gogorra" izan dela jaitsiera konfirmatu izana: "Kolpe gogorra izan da. Denboraldi osoa aritu gara lanean eta azken partiduetako garaipen batzuei esker posible ikusten genuen maila mantentzea. Bergarak guk baino askoz hobeto lehiatu du eta merezimendu osoz irabazi dute. Hurrengo jardunaldia lehiatu egingo dugu eta gero udan deskonektatu ostean gogotsu ekingo diogu denboraldi berriari Euskadiko Txapelketara lehenbailehen itzultzeko".
Soraluce BKEko Manex Bengoaren ustez defentsako lana izan zen garaipenerako gako nagusia: "Defentsan indartsu aritzea zen gure lehentasuna eta hasieratik lortu dugu. Oñatiarrak behin eta berriz trabatu ditugu eta uste dut partidutik ateratzea lortu dugula; maila honetan aurkaria 40 puntutan uztea bada zerbait".