Euskadiko Txapelketan jarraitzea jokoan

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mai. 3a, 13:00

Joaneko neurketan Biotz Aloña Mendi nagusitu zen. Argazkia: Imanol Soriano

Biotz Aloña Mendik eta Soraluce BKEk mailari eustea dute jokoan biharko derbian (18:00). Oñatiarrek aurkariak baino garaipen bat gutxiago dute; beraz, irabaztea komeni zaie. Soraluce BKEk, aldiz, pauso handia emango luke irabaziz gero

Biotz Aloña Mendi eta Soraluce BKE ataka larrian iritsi dira denboraldi amaierara; izan ere, biak ala biak jaitsiera ekiditeko lehian daude murgilduta. Ez da denboraldi erraza izan ez oñatiarrentzat ezta bergararrentzat ere, urte osoan egon dira-eta sailkapenaren erditik beherako postuetan. Dena dela, itxaropena da galtzen den azkenengo gauza, eta gelditzen diren bi neurketetarako prest daudela aitortu dute bi entrenatzaileek. "Azken neurketa txarra izan zen; horregatik, taldeak are amorru handiagoa du biharko. Prest gaude azken bi neurketetarako", dio Aitor Ugartek, Biotz Aloña Mendiko entrenatzaileak. Bergararrek ere derbia dute begiz jota. "Garaipen garrantzitsua lortzetik gatoz eta moral aldetik oso ondo iritsi gara bai derbira eta baita azken bi neuketa hauetara", adierazi du Xabat Irazolak, Soraluce BKEko entrenatzaileak.

Derbi hutsa baino gehiago

Esan gabe doa biharkoa ez dela nolanahiko partidua, alde batetik, derbia delako, eta, bestetik, galtzen duenak oso zaila izango duelako mailari eustea. Aloñakoentzat azken aukera da biharkoa. "Garaipenak bakarrik balio du; bestela, ezingo dugu berdintzea lortu sailkapenean. Aurkari zuzena da eta joanekoan irabazi egin genuen; beraz, bihar garaipena errepikatzen badugu, saskiratze aldea ere gure alde izango genuke", aitortu du Ugartek.

Bergararrek, aldiz, joan den astean Azpeitiko taldeari irabazita, euren eskuetan dute maila mantentzea. Galdu egiten badute, ordea, gainontzekoen emaitzei itxaron beharko diete. "Joaneko porrotari buelta eman nahi diogu. Gainera, bihar irabazita hurrengo, partiduan gure eskuan legoke. Aldiz, bihar galtzen duenak hanka eta erdi Gipuzkoako ligan izango du", azpimarratu du Irazolak.

Gakoa, erritmoa ezartzea

Horrelako partiduak datozenean astea berezia izaten da, entrenamenduen kalitatea eta seriotasuna eta jokalarien kontzentrazio maila ere bai. Hala eta guztiz ere, astean egindako lan guztia baloia airera botatzean erakutsi beharra izaten da, eta kantxan neurketaren gidaritza hartzea da gako nagusietako bat. "Neurketaren gakoa gure erritmoa ezartzea izango da, erasoan zein defentsan", dio bergararren entrenatzaileak. Eta txantxikuarrena ere iritzi berekoa da: "Erritmoa ezartzea izango da garrantzitsuena; hortaz, hori lortzen duenak aukera asko izango ditu garaipena eskuratzeko".

Biotz Aloña Mendi erasoan, joaneko neurketan. Argazkia: Imanol Soriano

Akatsak ekidin beharra

Bi neurketaren faltan, akats txikienak ere garesti ordainduko dira, eta hori ondo baino hobeto dakite bi taldeek. Aitor Ugartek argi du estutu beharra dutela: "Lau talde gaude borroka horretan, eta detaile guztiak dira garrantzitsuak. Orain, denek estutzen dute kantxan, eta guk ere hor egon behar dugu". Irazolak ere final gisa hartzen du biharkoa: "Behealdea oso estu dago. Azken hiru neurketetan azken laurdenetan izandako akatsen ondorioz gaude gauden lekuan. Bi final gelditzen zaizkigu".

Deia zaleei

Giroa ere garrantzitsua izango da bihar. Oñatin jokatzen denez, Zubikoa bero-bero egotea nahi dute Aloña Mendikoek. "Etxean eroso egoten gara eta bertan egin ditugu partidu onenak aurten. Zubikoa beteta egotea gustatuko litzaiguke", aitortu du Aitor Ugartek. Xabat Irazolak ere espero du Bergarako zaleak gerturatzea: "Gure alboan egon direnak ere bertan egotea nahi dugu, eurekin indartsuagoak baikara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak