Helburu handiak jokoan oilarren arteko derbian

Julen Murua Mesonero 2024ko api. 26a, 16:00

Luken Arriola eta Mikel Ortiz de Urbina, iazko derbian, Bergaran.

Igoera jokoan dute UDAk eta Bergarak, eta zapatuko derbia erabakigarria izan daiteke (Agorrosin, 12:00). Aretxabaletarrek euren esku dute igoera; mahoneroek, berriz, azken aukerak baliatu beharko dituzte helburua lortzeko.

Hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan asteburu honetan Bergarak eta UDAk Agorrosinen jokatuko duten derbian. Bereziki, aretxabaletarren egoerari eragingo dion partida izango da, haiek baitira, denboraldia amaitzeko bost jardunaldiren faltan, helburu handiak lortzeko lehian ari direnak. Hamabost puntu daude jokoan eta lau puntuko aldea dute aretxabaletarrek –66– haien jarraitzaileekiko: Eibar eta Zarautz –62–. Bergararren kasuan, berriz, duela bi asteko Zarautzen aurkako porrotak aukera ia guztiak xahutu zizkien, baina, hala ere, zapatuko derbia aurreneko postuei lotzeko behin betiko aukera izan daiteke mahoneroentzat.

"Zaila, baina polita"

Asteburuko derbiaz galdetuta, elkarri errespetu handia diote Unai Calzonek eta Iker Ruiz de Larramendik, eta bi taldeetako entrenatzaileak bat datoz ideia berarekin: partidu zaila izango dela, baina, era berean, polita. Hutsean amaitu zuten joaneko partidua, Ibarran; bi taldeek erakutsi zuten garaitzeko zailak diren taldeak direla, eta "itzuliko partiduak ere derbiak izaten dituzten osagai berberak" izango dituela uste dute bi entrenatzaileek.

Lidergoari eutsi nahi dio UDAk; Bergarak, berriz, goikoen hanka-sartzeak baliatu

Azken aukera

Bala gutxi gelditzen zaizkio Bergarari aurreneko postuei eusteko, eta, "play-off postuak urruti" ikusten dituzten arren, aukera guztiei heldu nahi dietela dio Ruiz de Larramendik. "Partidu oso zaila" izango dela aurreikusten du entrenatzaile bergararrak, eta "etxean jokatzea nabaritu egin beharko da", haren esanetan, hiru puntuak Agorrosinen gera daitezen. Azkenengo partiduetan "ahalik eta puntu gehien lortzea" du helburu Bergarak, "goiko talderen bat despitatuz gero bertan egoteko".

Hutsegiterik ez

Badirudi hiru izango direla lehenengo postua eskuratzeko lehian arituko diren oilarrak, eta horien artean ondoen kokatuta dagoena UDA da. Aurkari zuzenen kontra jokatzea falta bazaie ere, Calzonenek euren eskuetan dute igoera: lehenengo sailkatuak dira eta oraindik badute huts egiteko aukeraren bat. Hala ere, ezin dira askorik despistatu; izan ere, orpoz orpo jarraitzen diete eibartarrek eta zarauztarrek. Aretxabaletarrak dio "gelditzen diren partidu guztiak oso garrantzitsuak" direla eta ez dagoela "besteak baino inportanteagoa den jardunaldirik".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak