Maiatzaren 10ean hasiko da Algaraka bakarrizketa lehiaketa, eta hiru kanporaketa egingo dira; lau lehiakide izango dira horietako bakoitzean. Idoia Torregaraik, Josu Zubiak eta Aner Peritzek osatutako epaimahaiak aukeratuko ditu izena eman duten hamabost herritarretatik 11 lehiakide, eta publikoaren ardura izango da, berriz, hamabigarrena hautatzea. Horretarako, algaraka.eus webgunean ikus daitezke parte-hartzaileen bideo guztiak, eta hor eman daiteke botoa ere, apirilaren 26ra arte. Behin betiko lehiakideei dagokienez, apirilaren 29an jakinaraziko da nortzuk diren, eta non eta noiz izango duten saioa.
Bergarako Seminarixoan izango da lehen kanporaketa maiatzaren 10ean, eta hurrenez hurren, Urretxuko Labeaga aretoan (Gipuzkoa) eta Zumaiako Aita Mari aretoan (Gipuzkoa) izango dira hurrengo biak: maiatzaren 17an eta 24an. Finalari dagokionez, berriz, maiatzaren 31n izango da Seminarixoan. 20:00etan izango dira saio guztiak.
Lau sari
Lau lehiakide iritsiko dira finalera (saio bakoitzetik bana eta publikoak hautatutako beste bat), eta lau sari egongo dira jokoan: mila eurokoa izango da lehen saria eta 600 eurokoa bigarrena, Bergarako tostoiak eta erreilenoak barne. Horrez gain, beste bi sari ere izango dira: Bergara Saria, 250 eurokoa eta Bergarako komertzioetan erabiltzeko bono bat; eta Publikoaren Saria, Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari etxean gaua eta gosaria.
Miren Nogales aktore eta aurkezleak eta Jon Olivares aktore bergararrak aurkeztuko dute lehiaketa, Bergarako Jardun Euskara Elkarteak eta Goienak elkarlanean antolatua. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bergarako Udalak babestu dute, eta laguntzaile ari dira Zumarraga eta Urretxuko Udalak zein Zumaiakoa.