Gizonezkoen Ohorezko Erregionalari zazpi jardunaldi geratzen zaizkio eta jokoan dauden 21 puntuek askorako ematen dute. Izan ere, aurrealdean dabiltzan Aretxabaletak (60), Eibarrek (56), Zarautzek (56) eta, apur bat atzerago, Bergarak (52) Hirugarren Mailara igotzea dute begiz jota. Aste Santuko oporraldia bereziki liderrari etorri zaio ondo –asteburuko emaitzak berretsi beharko dute hori–; izan ere, oporren aurretik Calzonen mutilek bi partidu galdu zituzten jarraian, eta eskertuko zuten etenaldia. Ez da larritzeko momentua: Aretxabaletak bi partidu jarraian galdu zituen azkeneko aldian –abenduan izan zen, Eibarren eta Oiartzunen kontra–, eta ondoren, bederatzi partidu irabazi zituen jarraian. Domekan, atzealdeko postuetatik ihes egin nahian dabilen Urolaren bisita izango dute (16:30).
Liderraren akats txikienaren zain dauden bi talde dira Bergara eta Zarautz, eta zapatuan (11:30, Agorrosin) elkarren kontra jokatuko dute. Zarauztarrek ondo dakite Agorrosin ze plaza zaila den –mahoneroek partidu bakarra galdu dute etxean–, eta Bergararen esku dago aurrealdeko lehia horretan gauzak gehiago estutzea.
Emakumezkoen Ohorezko erregionalean Amaikak Baten kontra berdindu (1-1) eta gero, Debagoiena Bailarak Intxaurdiren kontra jokatuko dute dome- kan Azkoagainen (12:30).
Mondrak eskura du igoera
Gorengo mailan Mondrak nagusitasun handia erakutsi du; sei jardunaldi geratzen dira eta zuri-moreek 13 puntuko abantaila dute –eta Aloña Mendiren kontrako partiduak alde–. Asteburuan bertan hasi daitezke zuri-moreak ospakizunetan, baldin eta zapatuan (16:30, Mojategi) Euskaldunaren kontra irabazi edo berdindu egiten badute eta Aloña Mendik domekan (16:30, Azkoagain) Ilintxaren kontra galdu egiten badu.