Hirugarren greba eguna izan dute gaurkoan Aspaceko eguneko zentroetako, hezkuntza zerbitzuetako eta arreta goiztiarreko langileek, eta nabarmendu dute "langile, langile ohien eta familien erantzuna oso ona" izaten ari dela, eta babesa "handituz" doala protesten lehen egunetik. "Aspaceko hezkuntza zerbitzuetako eta eguneko zentroetako langileen lan egoera kezkagarria da, eta, zalantzarik gabe, horrek eragina du elkartearen funtzionamendu onean".
ELAk eta CCOOk deitu dute greba, eta kalean izan ziren langileak otsailaren 29an eta martxoaren 14an ere, "alderdi ekonomikoa ez ezik, soziala ere" hobetzeko asmoz. Debagoienari dagokionez, Arrasaten, Bergaran eta Eskoriatzan ditu zentroak Aspacek, eta garun paralisia eta antzeko asaldurak dituzten pertsonen gizarteratzea dute helburu.
Enpresaren jarrera
Donostian egin dute manifestazioa gaurkoan, eta salatu dute enpresa "zuzeneko arreta profesionalen lanaz baliatzen" dela "irudi publiko ona" eskaintzeko, baina errealitatea bestelakoa dela: "Ez du benetan baloratzen egunero egiten den lana, eta ez du hori lan baldintzen hobekuntzan islatzen". Are gehiago, erantsi dute zuzendaritzak gaur arte ez duela "negoziazioetan parte hartzeko prestutasuna" izan, eta, beraz, "gatazka konpontzeko interesik ez duela nabarmena" dela.
Hala, akordioa bat erdietsi arte, langileek jakinarazi dute mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela; zehazki, maiatzaren 8an izango dute datorren greba eguna.