Txomin Madina kazetariaren gidaritzapean, lehendakarigaiei eta zerrendaburuei elkarrizketak egingo dizkie Goienak, Gipuzkoako beste euskarazko tokiko telebistekin elkarlanean. Eta, hain justu, gaur, hilak 11, izango da lehena: Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia izango da lehen elkarrizketatua. Bihar, berriz, Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiaren txanda izango da eta astelehenean, hilaren 15ean, Denis Itxaso PSE-EEko Gipuzkoako zerrendaburuarena. Hilaren 16an, martitzenean, Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako zerrendetan bigarren hautagaia dena izango da elkarrizketatua eta, azkenik, hilaren 17an, Andeka Larrea Sumarreko Gipuzkoako zerrendaburua. 21:00etan eta 23:00etan emango dira elkarrizketa horiek guztiak Goiena telebistan, eta 21:00etan izango da ikusgai goiena.eus-en ere.
Bestalde, apirilaren 18an, eguenean, EH Bilduko Rebeka Ubera, EAJko Aitor Urrutia eta PSE-EEko Alberto Alonsoren arteko debatea eskainiko du Goiena telebistak, Goiatz Aranak aurkeztuta. 21:00etan eta 23:00etan izango da hori ere.
Hauteskunde gaua
Hauteskunde gauean, saio berezia izango da, zuzen-zuzenean, Goiena telebistan eta goiena.eus-en. Goiatz Aranak eta Txomin Madinak aurkeztuta, hauteskundeetako emaitzen eta egunak emandakoaren berri emango da, 19:45etik aurrera.