Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea Eskoriatzan hasiko da, urtemuga berezi bat tarteko

Hasier Larrea 2024ko api. 8a, 18:18

2019an, Beñat Gaztelumendik irabazi zuenean.

Aurten 50 urte bete dira Gipuzkoako lehen bertso eskola sortu zutenetik, Eskoriatzako Almen ikastolan. Txapelketa hamabigarren aldiz garatuko da udazkenean, eta udaberri honetan sailkapen faseak jokatuko dituzte, apirilaren 25ean hasita. Debagoiendarrak izango dira 74 partaideetatik bederatzi.

Pandemiak eraginda urtebeteko atzerapenaz, baina hainbat berezitasunekin dator Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Hilabete eta erdi pasatxo iraungo du, 20 saiotan banatuta. Bi itzuli egongo dira, gainera: lehen itzulian izena eman duten 74 bertsolariak ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute. 

Horien artean egoten saiatuko dira bederatzi debagoiendar: Jon Mata Etxaniz (Antzuola), Haizea Arana Cardenal (Eskoriatza), Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza), Aitor Tatiegi Loidi (Oñati), Maider Arregi Markuleta (Oñati), Urko Arregi Markuleta (Oñati), Urko Egaña Calderon (Oñati), Martin Berrizbeitia Zugazagasti (Aretxabaleta) eta Ane Zuazubiskar Iñarra (Arrasate).

Lehen itzulia, Debagoienean hasi eta buka

Bailarako bertsolariek ondoko plazetan abestuko duten estrainekoz: lehen saioan,  apirilaren 25ean, Eskoriatzan kantatuko dutenen artean egongo da Jon Mata. Hurrengo egunean, 26an, Zestoan arituko dira Arana Cardenal ahizpak, eta Gabirian hiru oñatiar: Aitor Tatiegi, Maider Arregi eta Urko Egaña. Martin Berrizbeitiak Orion dauka hitzordua maiatzaren 3an, eta Ane Zuazubiskarrek Legorretan. Urko Arregiri Getarian egokitu zaio froga, maiatzaren 9an.

Debagoienean hasi bakarrik ez, bukatu ere egingo da lehen fasea; kasu honetan, Oñatin, maiatzaren 17an. Bertan jakingo dute bertsozaleek nortzuk izango diren bigarren fasera sailkatuko diren bertsolari guztiak.

Bigarren itzulia, Antzuolan eta Elgetan

Hasierako galga 48 bertsolarik pasako dute, eta 26 kanpoan geratuko dira. Bigarren fasean, ostera, txapelketa nagusirako 34 txartel egongo dira jokoan; maiatzaren 25etik ekainaren 2ra bitartean, zortzi plazatan erabakiko dira txartel horiek, tartean, Antzuolan (25ean), eta Elgetan (1ean).

Bi faseetako saio guztietarako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.

Bertso eskolen garrantzia

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko antolatzaileek adierazi duten moduan, 2024ak urteurren garrantzitsua dakar, mende erdia igaro baita lurraldean lehen bertso eskola sortu zela: "Hain zuzen ere, Leintz bailaran sortu zen Joanito Akizu, Xanti Iparragirre eta Patxi Goikolearen ekimenez. Geroztik, ehunka izan dira herriz-herri sortu diren bertso eskolak eta milaka handik pasatu diren ikasleak. Bertso eskolak dira bertso mugimenduaren eustazpia, horiek gabe ez dago ulertzerik gaur egungo bertso mugimendua eta mugimendu horren belaunaldi artekotasuna. Bertso eskolek bezala, Gipuzkoako Txapelketak ere bertsolaritza sustatzea du helburu eta ondorioz, garrantzi berezia izango dute bertso eskolek 2024ko edizioan".

Izan ere, bertso eskolek ez dute txapelketan parte hartuko duten bertsolarietan soilik eragingo, baita txapelketaren antolakuntzan bertan ere, saio bakoitzean bertso eskoletako kideak izango baitira antolakuntzan laguntzen.

Unai Gaztelumendi marrazkilari eta bertsolariak diseinatu du aurtengo txapelketaren irudia, bertso eskolekiko dagoen harreman eta loturan inspiratuta. Hala, Almen ikastolan sortutako bertso eskolaren argazki oso famatu batean oinarritu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak