Bi astez han eta hemen ariko dira hautagaiak boto eskean. Bihar bertan bi alderdik iragarri dituzte ekitaldiak Debagoienean, biek ere Arrasaten. Denis Itxaso PSE-EEko Gipuzkoako zerrendaburua Arizmendiarrieta plazan izango da goiz-eguerdian, egubakoitzetako azokan, arrosak eta esku programak banatzen.
Aldi berean, Sumarrek, Seber Altube plazan egingo du ekitaldia. Alba Garcia lehendakarigaia eta Andeka Larrea Gipuzkoako zerrendaburua izango dira 11:30etik aurrera.
EH Bilduk hainbat ekitaldi egiteko asmoa du eskualdeko herri nagusietan hurrengo bi asteetan. Hala, datorren martitzenean, hilaren 9an, Oñatin izango dira Arkaitz Rodriguez eta Rebeka Ubera, Foruen Plazan, 19:00etan; euria egingo balu, Santa Ana antzokian. Eguenean, hilaren 11n, Arrasaten hitzaldia eskainiko dute, osasungintzari buruz, Rebeka Uberak, Larraitz Arriolak eta Karlos Ibargurenek, eta 15ean, astelehena, Arrasaten, ekitaldi nazionala egingo du Biterin, 19:00etan. Arkaitz Rodriguez, Nerea Kortajarena eta Maider Morras izango dira.
EAJk, oraingoz, datorren eguaztenerako, hilaren 10erako, iragarri du ekitaldi bat Arrasaten.
14 hautagaitza hiru lurraldeetan
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan, orotara, 14 hautagaitza aurkeztu dira. Araban eta Gipuzkoan 11, eta Bizkaian 13. Honakoak dira 14 zerrendak: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Sumar, PP, Vox, Bidezko Mundurantz, Aulki Zuriak, Pacma, Izan, Ongi Etorri, Partido Comunista de los Trabajadores de España eta Partido Humanista.
14 hautagaitza horietatik, gaur egun, seik daukate ordezkaritza Eusko Legebiltzarrean. Honakoek: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, PP eta Vox. Hauteskunde hauetan, Elkarrekin Podemosetik Ezker Anitza banandu egin da eta Sumarreko zerrendetan joango dira hango hautagaiak.
13 debagoiendar
Hamahiru debagoiendar ageri dira gaur egun Legebiltzarrean ordezkaritza daukaten sei alderdietan eta Sumarren. Lore Martinez Axpe aretxabaletarra –bosgarren– eta Rebeka Ubera Arantzeta elgetarra –zazpigarren– EH Bildutik, Gipuzkoan. EAJri dagokionez, Gipuzkoako zerrendan zortzi ordezkari daude: Elena Lete Garcia bergararra –zazpigarren–, Aitor Urrutia Oianguren eskoriatzarra –zortzigarren–, Marijo Etxegoien Arzuaga oñatiarra –hamargarren– Agurne Juldain Alcalde arrasatearra –22. postuan–, Iosu Ezkurdia Santamaria eskoriatzarra –23. postuan– eta Xabier Otxoa Muñoz aretxabaletarra –24. postuan–. Horrez gain, zerrendetan dira Maite Agirre Iribar bergararra eta Unai Elkoro Oianguren aretxabaletarra ere, ordezkoen artean. PSE-EEk, Arabatik, Alberto Alonso Martin oñatiarra aurkeztu du, laugarren postuan. Azkenik, Sumar Gipuzkoak bi debagoiendar ditu zerrendetan: Juan Luis Merino Sanabria eskoriatzarra –seigarren– eta Isabel Salud Areste bergararra, 26. postuan.
Sei legebiltzarkide debagoiendar
2020ko uztailean egin ziren azkenekoz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, Covidaren pandemiaren sasoian. Honela banatu ziren Gasteizko ganberako 75 legebiltzarkideak: EAJk 31 lortu zituen; EH Bilduk, 21; PSE-EEk, 10; Elkarrekin Podemosek, 6; PPk, 6, eta Voxek bakarra.
Debagoienean, EH Bildu izan zen lehen indarra 13.498 botorekin; EAJk, 10.980 boto lortu zituen; PSE-EEk, 2.283; Elkarrekin Podemosek, 1.711; PPk, 511; Equo Berdeek 306, eta Voxek 142. Parte hartzea %59,83koa izan zen.
Orduan, herritarrek sei debagoiendar aukeratu zituzten legebiltzarkide. Hiru EH Bildukoak: Lore Martinez Axpe, Ander Rodriguez –arrasatearra– eta Rebeka Ubera; bi EAJkoak: Aitor Urrutia eta Luis Javier Telleria –antzuolarra–; eta PSE-EEko bakarra: Alberto Alonso. Gerora, baina, legealdian zehar, Ander Rodriguezek utzi egin zion legebiltzar izateari eta, bestalde, Elena Lete –EAJ– sartu zen alderdikide jeltzale baten ordez.
Goienan jarraipen berezia
Goienak jarraipen berezia egingo die hauteskundeei eta alderdiek Debagoienean antolatzen dituzten ekitaldien berri emateaz gain, eduki bereziak eskainiko ditu. Hala, lehendakarigaiei edo zerrendaburuei elkarrizketak egingo dizkie, Gipuzkoako beste euskarazko tokiko telebistekin elkarlanean. Txomin Madinak elkarrizketatuko ditu hautagaiak. Apirilaren 11n, eguenean, Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia elkarrizketatuko du Goiena telebistan. Apirilaren 12an, Pello Otxandiano EH Bildukoa; 15ean, astelehena, Denis Itxaso PSE-EEko Gipuzkoako zerrendaburua; 16an, Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako zerrendetan bigarrena, eta 17an, Andeka Larrea Sumarreko Gipuzkoako zerrendaburua. 21:00etan eta 23:00etan emango dira elkarrizketak.
Bestalde, apirilaren 18an, debatea eskainiko du EH Bilduko Rebeka Ubera, EAJko Aitor Urrutia eta PSE-EEko Alberto Alonsorekin. Goiatz Aranak aurkeztuta. Hori ere, 21:00etan eta 23:00etan.
Eta hauteskunde gauean, saio berezia, zuzen-zuzenean, Goiena telebistan eta GOIENA.EUS-en, hauteskunde emaitzen eta egunak emandakoaren berri emanez, 19:45etik hasita. Goiatz Aranak eta Txomin Madinak aurkeztuta.