2024ko Behobia-Donostiak 3.000 partaide gutxiago eta ibilbide luzeagoa izango ditu

Itziar Larrañaga Sarasola 2024ko api. 2a, 18:17

Lasterkari debagoiendarrak 2023an.

Bihar, apirilaren 3a, irekiko dute 2024ko Behobia-Donostia lasterketako izen-ematea ohiko lasterkarientzako; gainontzekoek maiatzaren 7ra arte itxaron beharko dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lasterkari kopurua txikitu egingo dute eta ibilbideak 220 metro gehiago izango ditu, Abiadura Handiko Treneko lanen eraginez.

Aurtengo Behobia-Donostia 27.000 lasterkarira mugatuko dute, aurreko edizioetan baino 3.000 gutxiago, "tren zerbitzuaren murrizketagatik".

Fortuna Kirol Elkarteak, lasterketaren antolatzaileak, jakitera eman duenez, parte hartzaileen %50ak erabiltzen du trena irteera puntura iristeko, eta beraz, lasterketaren antolaketan funtsezkoa da. Aurten baina, Donostiatik Irunera egiten ari diren Abiadura Handiko Trenaren Loiola eta Kaputxinos tuneletako lanek, Renferen zerbitzua "nabarmenki murriztu" egingo dute, eta "horrek zuzenean eragingo dio lasterketari". Honenbestez, partaide kopurua murriztea erabaki dute, "garraio eroso eta segurua" bermatzeko asmoz. 

Korrikalari kopurua 30.000tik 27.000ra jaisteaz gain, ordutegia ere hamabost minutu aurreratuko dute, horrela tren zerbitzua handitu ahal izateko. 9:15ean irtengo dira gurpildun aulki eta handbikeak, 9:20an patinatzaileak eta 9:40an lehen korrikalariak.

220 metro gehiago

Bestalde, ibilbidean ere moldaketa txiki bat eragingo dute, Abiadura Handiko Trenen lanek eraginda. Irungo Bentak auzoan, Elizatxo Hiribidean, "ohiko ibilbidean dagoen zubia eraitsi egingo da" eta lasterketa Letxunborro hiribidetik 220 metro inguru desbideratu egingo dute. 2014an ibilbide aldaketa egin zenetik, lasterketak 20 km zehatz izan ditu, orain beraz 20 km eta 220 metro izango ditu.  Desbideraketa hau "gutxienez bi urtez" egin beharko dela ere aurreratu dute. Eta gaineratu dute, "etorkizunean zubia berriz eraikitzea" aurreikusten dela, oinezkoentzat bakarrik, baina "lasterketa berriz bertatik pasa ahal izatea" espero dutela.

Izen-emateak

Bihar, eguaztena, 12:00etan irekiko dute 2024ko Behobia-Donostia lasterketan izena emateko epea ohiko korrikalari eta patinatzaileentzako, baita Fortunaren bazkideentzako ere. Hau da, azken bost edizioetatik hirutan parte hartu dutenek, apirilaren 3tik 24ra bitartean izango dute izena emateko aukera. Prezioa 50 eurokoa izango da, hau da, 2023an balio zuena baino bost euro gehiago.

Bestalde, izen-emate orokorra maiatzaren 7tik aurrera izango da, eta 55 euro ordaindu beharko dira dortsala eskuratzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak