Oñatiko bertso-eskolako gazteak izan ziren protagonista martxoaren 1ean Oñatiko gaztelekuan egin zuten saioan, eta Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Bergarako eta Aramaioko bertso-eskoletako 14 urte bitarteko 25 lagunek hartuko diete lekukoa gaur Kulturaten egingo duten eskualdeko bigarren saioan. "Sariketa moduan antolatu dugun arren, gelan ikasia plazara ahalik eta modu jostari eta erosoenean jendaurrera eramatea dugu helburu. Berrikuntza moduan, aurten, bailara bakoitzeko talde batek finalean kantatuko du apirilaren 25ean Aretxabaletan ospatuko dugun Bertso Eskolen Egunean. Gaurko saiora joateko ez da aurrez gonbidapenik behar; edonor gonbidatua dagoen arren, gure helburua ez da aretoak jendez betetzea", azaldu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kide eta ekimeneko antolatzaile Mirari Sagarzazu oñatiarrak.