Emakume kirolarien ibilbidea aitortu dute Aresko Emakumeen Martxan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mar. 10a, 16:15

1970eko UDAko emakumeen futbol taldean aritutakoak eta Rosa Lasagabaster kirolari eskoriatzarra omendu dituzte gaurko ekitaldian antolatzaileek.

UDAk eta Eskoriatza Kirol Elkarteak antolatuta, seigarren edizioa izan du gaurkoan Aresko Emakumeen Martxak, Emakumeok bidea eraikiz lelopean. Parte-hartzaileak 12:00etan atera dira Aretxabaletatik, baina 1970eko UDAko emakumeen futbol taldean aritutakoak omendu dituzte lehendabizi. "Adin ezberdinetakoak batu ginen, ikastolaren alde zerbait egiteko, eta futbolean hasi ginen. Teknika gutxi genuen, baina emozio eta gogo handia", adierazi du Arantxa Akixu taldekide ohiak, futboleko kideetako batzuk alboan zituela. Izan ere, harekin batera futbolean jokatu zuten: Loli Mayoralek, Regina Erañak, Fatima Lasak, Mila Agirrek, Consuelo Zubizarretak, Aurora Aranzabalek, Mari Karmen Olabek, Mari Elena Azkoitiak, Elena Arresek, Karmentxu Usandizagak, Itziar Errastik, Mari Asun Mendietak, Esther Letamendik, Ana Rosa Etxebarriak eta Mila Urzelaik.

1970eko UDAko emakumeen futbol taldeko kide batzuk, Aretxabaletan.

Futbolari ohi horiek hiru partida jokatu zituzten, lehen biak oñatiarren aurka eta azkenekoa Urretxuren kontra. Lehenengoan, gainera, 25.000 pezeta eskuratu zituzten ikastolarentzat. "Ordu hartan jokatu zuten lehen partida, ikastolaren alde. Hauek betikoa egin zuten: lan egin. Horrelako emakume erreferenteak behar ditugu, eta uste dut Aretxabaletan gero eta gehiago ditugula. Ilusioz bizi dut omenaldi hau", adierazi du Agurtzane Elkoro UDAko presidenteak.

Rosa Lasagabaster, Eskoriatzan

13:00ak aldera iritsi dira parte-hartzaileak Eskoriatzara, eta ordurako han zen Rosa Lasagabaster (Eskoriatza, 1971). Kirolaria izan da gaztetatik, eta bere lorpenak eta ibilbidea aitortu dituzte. Besteak beste, 2000. urtean AEBetara joan zen urtebeteko beka batekin mendi talde batean lanera; 2002an, Zegama-Aizkorriren lehen edizioan, mendi maratoia irabazi zuen; 2003an, berriz, Espainiako Mendi Lasterketako Buff Grand Prix Kopan hirugarren postua eskuratu zuen. Hala, hunkituta jaso du omenaldia: "Ez dut uste berezia naizenik, edozein emakumek jaso dezake aitortza. Norberak erakutsi dezake bizitzan oso konstantea dela, eta borrokatzailea, baina horrek ez du ezer berezia esan nahi".

Rosa Lasagabaster kirolari eskoriatzarra, Eskoriatzan.

Javi Corbal Eskoriatza Kirol Elkarteko presidentearen arabera, "oso pozik" daude gaurko martxarekin, eta nabarmendu du "emakume kirolariekin lan egiten" jarraituko dutela; baita euren ibilbidea omentzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak