Goizeko 11:00etan ekin diote erakustaldiari, eta guztira 29 taldek eta 8 gimnasta bakarlarik hartu dute parte. Erakustaldi egunei esker "urtean zehar eginiko lana erakutsi eta umeak poliki-poliki jendeaurrean aritzera ohitzen" direla azaldu du Olatz Fernandez Arrasate Dragoi taldeko entrenatzaileak; betiere "disfrutatzeko helburuarekin" aritzen direla gaineratu du.
Benjamin gimnastek beraien lana erakutsi ostean, Uxue Azkue arrasatearrak eta Pablo Corres gasteiztarrak, martxoaren 20 eta 24 bitartean Portugalen ospatuko den Munduko Kopa txapelketan egingo duten Aerobik saioa eskaini dute, eta bertaratutakoek txalo zaparrada batekin agurtu dituzte.
Balorazio positiboa
Entrenatzaileak haurrak "oso urduri" ikusi dituen arren, behin tapizera irtenda "saltzan" berehala sartu direla azaldu du; eta ikasleen erakustaldiak "oso ondo" irten direla ere aipatu du: "umeak oso gustura ikusi ditugu eta baita gurasoak ere, gainera jende asko animatu da ikustera, beraz eguna arrakastatsua izan da".