Debagoieneko karrikak aldarriz josi dituzte beste urte batez Martxoaren 8an, hainbat elkarretaratze eta manifestazio egin baitituzte herrietan. Mugimendu Feministak antolatuta, esate baterako, manifestazioak antolatu dituzte gaur arratsaldean zehar Aramaion, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Eskoriatzan eta Oñatin; Antzuolan eta Elgetan, aldiz, elkarretaratzeak egin dituzte. Deialdi orokorrarekin bat eginda, eta iazko azaroaren 30eko greba feminista orokorra aintzat hartuta, Gure bizitzekin negoziorik ez izan dute lelo mobilizazio gehienek, batik bat, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko aldarria gogoan izanda.
Haien arabera, egungo zaintza sistema "pribatizatuta" egoteaz gainera, "guztiz familiarista" da, eta, beraz, "emakumeen bizkar gainean" jartzen da lan hori, baina, batez ere, "emakume migratzaileen" gain: "XXI. mendeko esplotazio lazgarrienetakoa bizi dutenen bizkar". Hala, hori ahalbideratzen duen sistema erauzteko, politika eraginkorrak eskatu dituzte, Atzerritartasun Legea indargabetzearekin batera. Are, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaintza ituna ere kritikatu dute.
Deba Bailarako Itaia, Bergaran
Deba Bailarako Itaiak ere eskualdeko mobilizazioa egin du. Dozenaka lagun elkartu dira arratsaldean Bergarako epaitegiaren aurrean, eta adierazi dute garrantzitsua iruditzen zaiela "Martxoaren 8a bezalako egun batek borroka izaera, zentzu iraultzailea" berrartzea: "Mahai gainean ditugun ideiak plazaratzeko, esate baterako, baina baita instituzioetatik proposatzen dabiltzan lege ezberdinen inguruan hausnartzeko ere, batik bat, hortik at independenteki antolatzeko beharra azpimarratuta". Horrez gainera, erantsi dute beharrezkotzat jotzen dutela "azken aldiko joera erreakzionarioen gorakadaren aurrean" antolatzea. Alabaina, egun puntualetatik harago dabiltza jardunean: "Egunerokotasunean antolatzea beharrezkoa ikusten dugu, adibidez, indarkeria matxistaren gorakadari aurre egiteko, gero eta gehiago baitira kasuak".