Helburu guztiz kontrakoak baina, era berean, garrantzi maila handikoak dituzten bi talde arituko dira nor baino nor gehiago zapatuan (11:30) Eztala futbol zelaian: Antzuola eta Mondra, hain zuzen. Antzuolarrak sailkapeneko azken postuan daude gaur egun, baina jaitsiera postuetatik irtetea ez dute horren urrun. Arrasatearrek, berriz, sailkapeneko lider izaten jarraitzen dute, eta gauzak asko aldatu beharko lirateke denboraldi amaieran talde zuri-morea zuzeneko igoera postuan ez egoteko.
Eztala, gotorleku
Dozena erdi gol jaso zituen Antzuolak joan den asteburuan Azkoagainen, baina oñatiarren aurka jokatu aurretik maila ona erakutsi zuten gorritxoek; izan ere, lau jardunaldi zeramaten lehiarik galdu gabe. Horregatik, "taldea lehiakor izatera" itzultzea nahi du Aitor Aierbek, Antzuolako entrenatzaileak, eta, horretarako, "Eztala gotorleku" bilakatzea ezinbestekoa dela aitortu du azpeitiarrak. Denboraldian eskuratu dituen 14 puntuetatik 12 etxean lortu ditu Antzuolak, eta, "zaila" izango dela badio ere, "guztia" emango dutela ziurtatu du.
Bederatzi jardunaldi falta dira denboraldia amaitzeko eta antzuolarrek sailkapeneko beheko postuetan dauden gainontzeko talde guztien aurka jokatuko dute; partida gehienak, gainera, etxean. Helburua lortzeko Eztalan jokatzen dituzten partiduetan "gogorrak izatea eta ahalik eta puntu gehien lortzea" oso garrantzitsua dela esan du Aierbek.
Gero eta gertuago
Gari Nuñezen mutilak ere egoera berean daude. Falta diren asteburuetan sailkapeneko goiko taldeen aurka jokatuko dute, eta legazpiarrak dio partida horietan "guztia erabakita" gera daitekeela. Hala ere, "hankak lurrean" dituztela adierazi du, eta jokalariak ohartarazi ditu, esanez "aurten galdutako partidu bakarra Eztala bezalako zelai batean" izan zela, eta, beraz, "beti bezala, errespetu handiarekin eta guztia ematera" joango direla Antzuolara.
Kontuak kontu, azken jardunaldietan egoera askorik okertu ezean, gero eta gertuago izango du talde zuri-moreak igoera.