Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako Sailaren menpeko den Bidegi erakundea obrak egiten ari da gune hartan. "AP-1eko irteeran, une jakin batzuetan, sortzen diren auto-ilarak gutxitzeko jarduna da. Gaur egun, goizeko lanerako sarrera-orduan –07:30-08:30– ilarak sortzen dira AP-1etik biribilgunera sartzeko adarrean. Arrasate aldetik GI-627tik datozen ibilgailuen trafikoa handia da eta AP-1etik biribilgunera sartu nahi dutenen mugimendua zaildu egiten da", diote Foru Aldundiko iturriek. Hain zuzen, hori konpontzeko dira azken asteetan egiten ari diren lanak; trafiko arazoak areagotu egin dira lanen ondorioz.
AP-1eko irteeratik biribilgunera sartzeko errei bakarra dago gaur egun. Eta obra horren bitartez, AP-1eko adarrean biribilgunera sartzeko beste errei bat ahalbidetuko dute; hau da, ibilgailu bi batera sartu ahal izango dira biribilgunera. Horrez gain, biribilguneko irlatxoak eraldatzen ari dira eta drainatze sisteman ere hobekuntzak egingo dituzte.
Obra 136.538 eurotan esleitu dute eta hiru hilabetetako epea dauka. "Behin neurri horiek aplikatuta, AP-1eko irteerako auto-ilaretan daukagun hobekuntza aztertuko da, neurri gehigarrien beharra erabakitzeko", adierazi dute Foru Aldunditik.
Elosuko mendatea, maiatzerako
Bestalde, Bergaratik Elosua mendaterainoko errepidea berritzen ari dira azken hilabeteetan. Berez, asmoa zen lanak otsailerako amaituta edukitzea, baina eguraldiaren menpe daudela adierazi dute Diputaziotik. "Firmean azken geruza, mikro-aglomeratua, aplikatzea falta da. Geruza hori aplikatzeko tenperatura eta hezetasun egokiak behar dira. Neguan ez dira baldintza horiek ematen, eta maiatz aldera aplikatzea espero da. Ondoren, errepidea margotu egingo da", diote Bide Azpiegituretako Sailetik. Beste lanak aurreratuta daude: euri-urak hartzeko errepide ertzak, mendiari eusteko hormak, hesi berriak… Urrian hasi zituzten lanak, eta bost hilabete iraungo dutela agindu zuten hasieran.