Ekimenean Debagoieneko ikastetxeek hartuko dute parte: Aretxabaleta Lanbide Eskola, Arizmendi Ikastola, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Oñati Gestio Heziketa, Oñati BHI, Mariaren Lagundia Ikastola eta Miguel Altuna Lanbide Heziketa.
Horiez gain, eskualdean prestakuntza eta enplegu-zerbitzuak eskaintzen dituzten beste hainbat erakunde ere izango dira: Bastida Akademia, Helduen Heziketa Iraunkorra (EPA), IkasDebagoiena, Laneki eta Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentzia eta hori osatzen duten udalak, besteak beste.
Bi eguneko azoka, berrikuntzekin
Lanbide Heziketaren eskaintza guztia Arrasateko Kulturaten jarriko dituzten standetan egongo da. Bi eguneko azoka izango da: martxoaren 20an, goizez –08:30etik 14:30era–, eta arratsaldez, –16:00etatik 18:30era–; eta 21ean, goizez.
Informazio standez gain, aurten ere izango da Erasmus Plus txokoa. Erasmus Plus Lanbide Heziketako mugikortasun programa da. Eskualdeko Lanbide Heziketako zentroetan ikasten dabiltzan eta Europako hainbat herrialdetan praktikaldia egiten ari diren gazteen kokapena eta esperientziak ezagutzeko aukera izango da.
Azokan egongo den informazioaz gain, solasaldiak eta enpresentzako hitzaldiak ere izango dira Kulturateko areto nagusian.
Martxoaren 20an, eguaztena
- - 18:30 Solasaldia: Nik ere Lanbide Heziketa aukeratu nuen.
Gurasoei eta Lanbide Heziketan interesa duen edonori zuzenduta dago. Lanbide Heziketaren antolaketa, abantailak eta berrikuntzak azalduko dituzte. Eta ondoren, gurasoen eta ikasleen esperientziak ezagutu eta zalantzak argitzeko aukera izango da.
Martxoaren 21a, osteguna
Enpresei zuzendutako hitzaldi ziklo bat antolatu dute aurten. Lanbide Heziketako legeak, besteak beste, dual modalitate berriak ekarriko ditu, eta horien gaineko argibideak emango dituzte. Bestalde, Biltzen-en eskutik, egoera irregularrean dauden pertsonak kontratatzeko aukerak eta baliabideak azalduko dituzte.
- - 09:00 Mahai-ingurua: Dual berria (euskaraz). Parte hartuko dute LHko ikastetxeetako dual prestakuntzaren arduradunek, enpresek eta ikasleek: Osane Lizarralde (MGEP), Alberto Larrea (Miguel Altuna Lanbide Heziketa), Ulma Packaging kooperatibako eta Tornilleria Deba enpresako tutoreak eta dual ikasleak.
- - 11:00. Hitzaldia: Nola kontratatu pertsona atzerritarrak nire enpresan (gazteleraz). Egoera irregularrean dauden pertsonak kontratatzeko aukerak eta baliabideak azalduko dituzte Biltzeneko (Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzua) arlo juridikoko kideek.
Aldez aurretik izena ematea komeni da webgunearen bitartez, telefonoz (943-79 30 90) edo posta elektroniko bidez: debagoiena.goiaz@gmail.com.
Lege berriarekin aldaketak
Lanbide Heziketak beste eskaintza batzuk ere baditu.
Espezializazio kurtsoak
Lanbide Heziketako erdi zein goi mailako ziklo baten ostean egin daitezkeen irakaskuntza ofizialak dira. Erdi mailako espezializazio ikastaroak ematen duen titulazioa espezialistarena da; eta goi mailakoa, masterrarena. Espezializazio-ikastaroak 300-720 ordu bitartekoak dira –urtebete, gehienez–, eta lantokiko prestakuntza-modulu bat izan dezakete. Lan-merkatuan eskatzen diren lanbide sofistikatu eta kualifikazio handiagokoak lortuko dira horiekin.
Eskualdean, industriari lotutako lau espezializazio-kurtso eskaintzen dira: Adimen artifiziala eta Big data; Fabrikazio aurreratua; eta Forjaketa prozesuak; hirurak, Miguel Altuna Lanbide Heziketan. Eta Industria mantentzearen digitalizazioa, Mondragon Goi-Eskola Politeknikoan.
Moduluen Eskaintza Malgua
Eskaintza Partziala deitu izan den modalitatea Moduluen Eskaintza Malguarekin ordezkatuko dute. Ikasketak moduluka edo modu zatikatuan egitea ahalbidetzen du; funtsean, langileak edo langabeak dira, eta euren kualifikazio-maila hobetu nahi dute lanean jarraitzen duten bitartean.
Lanbide Heziketa ezagutzeko beste aukera batzuk
Azokaz gain, Lanbide Heziketa ezagutzeko beste beste aukera batzuk ere badaude.
Batetik, ateak zabaltzeko jardunaldiak egingo dira apirilean eta maiatzean, ikastetxeak bertatik bertara ezagutzeko. Data guztiak webgune berrian kontsultatu daitezke.
Bestetik, Lanbide Heziketaren atarian informazio guztia jasotzen da: www.fpdebagoienalh.eus. Bertan daude jasota Lanbide Heziketaren gaineko informazio orokorra, ibilbide profesionalak eta sarbide baldintzak, besteak beste. Baita eskualdeko eskaintzaren informazioa ere.
Aurrematrikulazio garaia maiatzaren hasiera aldera izango da, data zehaztu gabe dagoen arren. Aurrematrikula egiteak ez du ezertara behartzen, baina lehentasuna izango du aukeratutako ziklo horietan izena emateko orduan. Aurrerago, matrikulazioa egin beharko du.
Lanbide Heziketa hautatzen duenak honako hauek izango ditu aukeran:
- Bi urtean lanbide batean aritzeko prestakuntza.
- Erasmus+: praktikak atzerrian egiteko aukera.
- Duala: lana eta ikastaldia partekatzea.
- Zuzeneko sarrera unibertsitate graduetara.
- Enpresarekin harreman estua –praktikak ezinbestekoak dira–. Hainbat ziklotan laneratzea %90-100ekoa da.
Lanbide Heziketa Debagoienean: zenbait datu
Debagoienean Lanbide Heziketako zazpi ikastetxe daude eta 1.610 ikasle daude matrikulatuta, maila askotariko 34 ziklotan. Azken hamarkadan %21 hazi da ikasle kopurua. Horrek erakusten du lan- merkatura sartzeko gero eta balio handiagoa duen bidea dela. Oraindik hamar ikasletik zazpi dira gizonezkoak, baina lehen mailetan %21eko igoera gertatu da emakumezkoetan.
Hizkuntza ereduei dagokienez, eskualdean bermatuta dago euskaraz ikasteko aukera. Izan ere, 45 zikloetatik 38 eskaintzen dira euskaraz; hau da, eskaintzaren %84 D ereduan da. Eta horietatik 31 euskaraz bakarrik ikas daitezke.