Master Laboral Kutxako finalean izango da Etxegarai

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko martxoaren 4a

Enara Gaminde eta Maddalen Etxegarai, urdinez, atzo Elgoibarren (Gipuzkoa) jokatutako partidan.

Elite mailako finalean izango da oñatiarra, baina kanpo gelditu da Arrate Bergara bergararra. Gazte eta promesa mailan, berriz, Olatz Insausti antzuolarra eta Irati Betegi aretxabaletarra izango dira finalean.

Master Laboral Kutxa eskuz binakako txapelketako finalean izango da lehen aldiz Maddalen Etxegarai oñatiarra, Enara Gaminde bikotekide duela, Arrasateko Uarkape pilotalekuan, martxoaren 17an, zapatuan. Olatz Arrizabalaga eta Itxaso Erasun izango dituzte aurkari. "Bi bikoteek sendotasun handia erakutsi dute, eta final irekia eta ikusgarria espero da hamabost egun barru", adierazi dute Emakume Master Cup-eko kideek eta, aldi berean, txapelketaren antolatzaileek.

Etxegaraik eta Gamindek atzo eskuratu zuten finalerako txartela, Elgoibarren (Gipuzkoa) jokatutako bigarren finalerdian garaipena erdietsi ondoren. Amaia Aldai eta Arrate Bergara izan zituzten aurkari, eta 22-16 irabazi zieten. Hala, ondorioz, txapelketatik kanpo gelditu zen Arrate Bergara pilotari bergararra. "Txapelketa bikaina osatu duten arren, datorren urtean saiatu beharko dira binakakoaren lehen txapela lortzen".

Insausti eta Betegi

Elite mailako pilotarien partidak ez ezik, gazte eta promesa mailakoenak ere atzo jokatu zituzten Elgoibarren, eta, promesa mailari dagokionez, finalerako txartela eskuratu zuten Olatz Insausti antzuolarrak eta Irati Betegi aretxabaletarrak. Marta Gomez eta Alejandra Bilyak izango dituzte aurkari.

Irati Betegi eta Olatz Insausti, ezkerretik lehenak, atzo, Elgoibarren (Gipuzkoa).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak