Antzuolak lehen zatian egin duen joko planteamenduak arazoak sortu dizkio Aloñari. Hala, lehia oso parekatua izan da, ia gol aukera barik. Hamargarren minutuak Antzuolako Unai Murgiondo jokalariak izan duen lesioaren eraginez bederatzi minutu luzatu du partidua epaileak, eta hori aprobetxatu du Aloña Mendik lehen gola egiteko. Hain justu, atsedenaren aurretik. Gol psikologiko horietakoa, duda barik. Imanol Perez izan da golegile
Gol hori gutxi balitz, bigarren zatia hasi eta bigarren minutuan, bigarren gola egin dute oñatiarrek, Yulen Zelaiari esker, lehia ia erabakita utzita. Lehen ordu laurdena bete orduko, hirugarrena eta laugarrena egin ditu Aloñak, Joseba Larreari eta Ekain Gorgoñoni esker. Antzuolak ezer gutxi egin ahal izan du, markagailuari beste itxura bat emateko.
Gexan Anduagak eta Ekain Gorgoñonek sartu dituzte azken bi golak.
Beste emaitza batzuk
Ohorezko Erregional mailan diharduen Aretxabaletak ondo aprobetxatu du Zarautzen porrota sailkapenean duen abantaila handitzeko. Aise irabazi dio Mutrikuri Ibarra futbol zelaian, eta dagoeneko zortzi puntuko abantaila dauka bigarren eta hirugarren lekuetan dauden Eibarrekiko eta Zarautzekiko. Liga txapelketa bukatzeko hamar jardunaldi geratzen dira, eta UDAk Hirugarren Maila dauka begiz jota.