Aiako XIII. Mendi Lasterketa jokatu da gaur goizean. Eguna eguraldi goibelarekin hasi da, baina lasterketarako ordua iristearekin batera atertu du. Probak iraun bitartean euria ez egin izanagatik ere, lokaztuta iritsi dira parte-hartzaileak helmugara. Alabaina, asko eta asko izan dira korrikalariak animatzera gerturatu direnak, bai plazara eta baita inguruetara ere. Horrek sortu du giro aparta.
10:30ean abiatu dira korrikalariak Pagoeta aldera eta Ekain Larrea eta Aimar Larrea anaiek ordubete pasatxo behar izan dute lasterketa irabazteko. Biek batera zeharkatu dute helmuga, 1:08:50 denborarekin. Beraien atzetik iritsi da Hassan Aitchaou (1:09:22).
Emakumezkoen artean, berriz, errekorra hautsi du Malen Osak, 1:12:54 denboran amaitu du lasterketa, hamar minutuko aldea atera dio bigarrenari, Sarah Ugarteri (1:25:08). Irati Larrañagak osatu du podiuma (1:26:36). Lasterketako argazki galeria, hemen.
Asturiasen ere bailarakoak protagonista
Asturiasko Cangas de Onisen egiten duten Kangas Mountain lasterketan, berriz, beste bi debagoiendar nabarmendu dira, Xabi Lete oñatiarra eta Ainara Urrutia aretxabaletarra. Letek 02.01.33ko denbora egin du 21 kilometrotako lasterketan, eta Urrutiak, berriz, 2.26.42an geratu du erlojua.