Sailkapenean azken postuetan dagoen Aretxabaletak hortzak erakutsi dizkio aurten elastiko zuri-morea daraman kategoriako Goliat-i. Taulak erakusten zuena ahaztuta irten dira bisitariak Mojategira, eta 20 segundo behar izan dituzte arrasatearrak ezustean harrapatu eta gola egiteko. Adiranek zuzendu du egoera 1-1ekoa eginda, baina berdinketaren ondoren epailea nahastu egin da arrasatearrek egindako falta bat zigortzerako orduan. Xabat Otxandiano izan da faltaren egilea, hasieran hari erakutsi dio epaileak txartela, baina ondoren zuzendu egin nahi izan du erabakia, faltaren egilea Josu Durana zelakoan, eta nahaste horrek ekarri du Duranaren kaleratzea, lehenagotik ere txartel hori bat zeukalako.
Hala, Mondrak 10 jokalarirekin egin du aurrera, eta bigarren zatiko 15. minutu inguruan UDAk ondo aprobetxatu du penalti bat 1-2koa egiteko. Bazirudien kanpotarrek dena zutela aldeko, markagailuan aurretik, eta zelaian nagusitasuna, baina Vallek ostera ere berdinketa ekarri du derbira (2-2). Eta hor ostera ere nahastu da partidua. Epaileak Aretxabaletako Altube kaleratu du, 10 jokalarirekin geratu dira bi taldeak, eta partidua amaitzeko 5 minutu falta zirenean zale arrasatearrek Mondrako Adirani egindako penaltia eskatu dute. Epaileak, baina, areaz kanpo egindako falta izan dela adierazi du, Mondra sari barik geratu da, eta UDA beste jokalari bat gutxiagorekin, bederatzirekin. Eta halaxe amaitu da norgehiagoka.
Bihar, domeka, beste derbi bat izango da Gorengo mailan, Aloña Mendik Antzuola hartuko du-eta Azkoagainen. Ohorezko erregional mailan Bergarak Beasain hartuko du Agorrosinen (17:00), eta Aretxabaletak Mutriku (16:30 Ibarra). Emakumezkoetan, berriz, Debagoiena Bailarak Oiartzunen jokatuko du 16:00etan.