Azaroan argitaratu zuten lan berri bana Oñatiko Letagin eta Aramaioko The Clayton taldeek. Harrezkero, "gogotsu" ari dira jendaurrean aurkezten. "Orokorrean, sentsazio ona dugu, feedback polita ari gara jasotzen jende ezezagunaren partetik", dio The Clayton taldeko Jokin Larrañagak, eta zera gaineratu du Letagineko Julen Agirrek: "Lan berriarekin, biharkoa hamargarren kontzertua izango da; horrenbestez, ezin gara kexatu".
Aramaioko The Clayton taldeko kideak disko berriarekin.
"Elkarrekin pozik"
Izan ere, elkarrekin kontzertuak egitea adostu zuten diskoak grabatzen ari zirela, eta, hain zuzen, horrelaxe ari dira. "Rock-piña bat sortu nahi genuen eta gustura ari gara batera jotzen", dio Larrañagak, eta honela borobildu du Agirrek: "Sekulako musikariak dira, sekulako indarra dute zuzenekoan, eta, horretaz gainera, giro aparta dago bi taldeen artean. Horrenbestez, etxean eta The Clayton moduko talde batekin, ez dago gehiago eskatzerik! Jendea etor dadila bihar arratsaldean Antixenera, aparta izango da eta!".