Epaileek planto egin dute eskubaloian

Xabier Urtzelai 2024ko ots. 28a, 10:27

Mugarri Ingouko eta Soraluce BKEko jokalariak, epaileekin batera, duela bi asteko derbian.

Gipuzkoako eskubaloi federazioak oraingo asteburuko jardunaldia bertan behera uztea erabaki du, azken boladan epaileen kontra izandako hainbat jarrera oldarkor salatzeko. Komunikatu bidez indarkeria-mota guztiak aho batez gaitzesten dituztela adierazi dute. 

Oraingo asteburuan ez da Gipuzkoako eskubaloi federazioak antolatzen dituen txapelketetan jardunaldirik jokatuko. Eta motiboa da azkenaldian epaileen kontrako erasoak areagotu egin direla, bai ahozko erasoak eta baita agresio fisikoak ere. Hala, federazioko ordezkariek nahikoa dela erabaki dute, eta oraingo asteburuan planto egingo dute. Halaxe azaldu dute erabakiaren zergatia, ohar bidez. "Joan den otsailaren 17an, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak antolatutako partida batean, entrenatzaile batek arbitroari egindako erasoaren ostean, hurrengo egunean, Gipuzkoako Federazioko presidenteak, WhatsApp bidez, komunikatu bat bidali zien Gipuzkoako klubetako presidente guztiei, euren entrenatzaileei epaileekin errespetu handia izateko eskatuz, besteak beste. Horrez gain, astelehenean, hilak 19, Euskadiko hiru lurralde federazioek eta Euskadiko Federazioak agiri ofizial bat idatzi zuten arbitraje-estamentuari argi eta garbi babesa emanez eta otsailaren 17an gertatutako egoera tamalgarriak saihesteko neurriak hartzeko konpromisoarekin". 

Hala, joan den ostiralean, Gipuzkoako arbitraje-estamentua bildu zen egoera aztertzeko: "Eta batzarrean egiaztatu zuten epaileek duten beldur eta ondoeza, batez ere gazteenek edo esperientzia gutxien dutenek askotan izaten duten kalteberatasun-egoera. Hala eta guztiz ere, joan den asteburuan, gutxienez 6 partidetan, arbitraje-kolektiboari eraso egin zaio berriro, ez fisikoki, baina bai hitzen bitartez. Gipuzkoako Federazioa atzo bildu zen haiekin, aurretik aipatutako guztia aztertzeko, eta epaileek eskatuta, haiekin batera erabaki du datorren jardunaldia, martxoaren 3a, bertan behera uztea, Federazioak antolatutako lehiaketa osoan, indarkeria-mota guztiak aho batez gaitzesten direla adierazteko".

Horretarako, eskubaloiko estamentu guztiei bilera batera deitu diete indarkeriaren aurkako batzorde bat sortzeko. Martxoaren 13an egingo dute batzarra, 19:00etan, Kirol Etxean (Donostia). "Une erabakigarrian gaude eta hau gure kirolean inflexio-puntua izatea espero dugu. Ezinbestekoa da guztiok jarrera argia eta bateratua izatea indarkeriaren aurrean, horrela gure kirolaz eta haren berezko balioez gozatzeko aukera izan dezagun: errespetua, elkartasuna eta laguntasuna".   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak