Altxatzea baino ez da geratzen

Xabier Urtzelai 2024ko ots. 28a, 09:07

Txurdin, Realeko jokalariak banan-banan kontsolatzen.

Realeko zaleek aspaldiko kolpe gogorrena jaso dute, Realak Mallorcaren kontrako finalerdi amaigabeko –120 minutu jokatu zituzten– luzapenean 1-1 egin ostean penaltietan galdu zuelako. Hain zuzen, hamaika metroetan espezialista direnek egin zuten huts: Braisek lehenengo zatiko penaltian, eta Oiartzabalek penaltien txandan. Baina lehenbailehen altxatu behar dira, Paris Saint-Germain zain dago, baita ligan Europako postuak ere. Argazkiak: Oier Yaniz.

Realak ez zuen merezi Kopari agur horrela esatea, baina Mallorcak merezimenduz egin du aurrera. Futbolaren paradoxak. Aparteko kanporaketarik egin barik, Agirreren taldeak estu hartu du Reala, bai Son Moixen eta baita Reale Arenan ere, eta bi partiduetan 200 minutuz berdegunean aurrera eta atzera ibili ostean, azkenean penaltietan erabaki dute nor joango den finalera. Eta hori gutxi balitz, Realak duen jaurtitzaile onenak egin du kale, Mikel Oiartzabalek.

Realeko jokalariak, burumakur, partidua amaitu berritan. Argazkia: Oier Yaniz.

Realeko kapitainak berak ere ez zuen halako amaierarik merezi, bera izan zen-eta, bigarren zatian irtenda, Realaren 1-1ekoa egin zuena. Lehenago, lehenengo zatia amaitzear zela, Braisek barkatu egin zuen penalti jaurtiketan. Esatarien esanetan txarto botatako penaltia izan zen –erdira–, baina Greif atezainaren ia bi metroek ze txiki egiten zuten atea. Garbi dagoena da lehenengo 45 minutuak ikusita penalti hura oparia izan zela, aprobetxatu ez zen oparia. 

Kubo, Mallorcakoen markaketa zorrotza gainditzen. Argazkia: Oier Yaniz.

Lehenengo zatian Mallorcak egindako presio itogarria arindu zenean hasi zen Reala arnasa hartzen, eta baloia batera eta bestera mugitzen. Eta Becker-en zelairatzeak aukera gehiago eman zizkion Realari erasoan, taldea aldatu zuen. Partiduko lehen kolpea, baina, orduan etorri zen. Jaume Costak ezkerretik erdiratu zuen baloia, eta atzetik etorrita Gio Gonzalezek bakarrik errematatu zuen buruz sareetara (0-1).

Mallorca hortzak erakusten ari zen, eta kanporaketa zailtzen zebilen. Orduan zelairatu zuen Imanolek Mikel Oiartzabal –Zakharianen ordez 63. minutuan–, eta handik minutu gutxira honek ondoen dakiena egin zuen: Kuboren eta Braisen artean hasitako jokaldia sareetara bidali zuen kapitainak (1-1), eta esanguratsua izan zen Braisek zela hartu zuen arnasa Oiartzabal besarkatzen zebilen bitartean: lehenengo zatian penaltia huts egin izanaren zama zeraman oraindik ere.

Oiartzabal, bigarren zatian 1-1 egin berritan. Argazkia: Oier Yaniz.

Zaleek ere arnasa hartu zuten, kanporaketa berdinduta zegoen ostera ere, eta hurrengo minutuetan Realak protagonismo handiagoa izan bazuen ere partidua luzapenera joan zen. Luzapeneko nabarmenena Merinoren eta Turrientesen jaurtiketak izan ziren, biak jarraian, eta bigarrenak sortu zituen zalantzak, ez zelako garbi ikusi baloiak golaren marra gainditu zuen ala ez. Bestetan teknologia aurreratua egoten da halako jokaldiak berrikusteko; Kopan, antza, ez. Eta zalantza horrekin geratu ziren zale txuri-urdinak, nahiz eta VAR-eko epaileen ustez, baloiak ez zuen gainditu golaren marra.

Eta penaltietan erabaki zen kanporaketa. Oiartzabalek bota zuen lehena; halakoetan ondo hastea lagungarria izaten da, atzetik datozenei konfidantza emateko. Eta hain zuzen, kinieletan kale egingo ez zuela jarriko genukeen horrek egin zuen kale, kapitainak. Remirori jaurtiketa guztiak bota zizkioten ezkerretara, bostak, baina hark ere ez zuen asmatu. Amaitu da Kopa Realarendako, baina lehenbailehen altxatzea baino ez dute. Otsailean gaude oraindik, gauza asko dago egiteko.  

Jokalariak partidu amaieran, zaleek emandako animuak eskertzen. Argazkia: Oier Yaniz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak