Detaile txikiek saririk gabe utzi dute Debagoiena Bailara (1-2)

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ots. 25a, 18:14

Partidu "txukuna" jokatu dutela aitortu du Aitor Guridi entrenatzaileak, baina Beti Gaztek eraman ditu hiru puntuak Ibarrako futbol zelaitik

Dinamika txarrean egotean gauza guztiak ere kontrara etortzen dira, eta, hori da Debagoiena Bailarari denboraldi honetan gertatzen ari zaiona. Taldea gaztea dute eta esperientzia falta ere nabari da, baina partiduetan lehiatu arren, detaileetan egiten diote ihes puntuek Aitor Guridik zuzentzen duen taldeari. Gaur ere, zoritxarrez, Lesakara joan dira puntuak.

Gol guztiak bigarren zatian iritsi dira. Lesakarrak aurreratu dira lehenengo markagailuan jokaldiz egindako gol bati esker. Partidua "parekatua" izan dela aitortu du Aitor Guridi Debagoiena Bailarako entrenatzaileak, eta, parekotasun horretan, korner baten Malen Uribesalgok jarri du banakoa markagailuan. Neurketa edozeinek eraman ahal izan du, baina zorigaiztoko jokaldi batean esku hutsik gelditu dira debagoiendarrak. Ustezko jokoz kanpoko bat adierazi dutelakoan, eskuarekin hartu dute baloia etxekoek, baina epaileak falta adierazi du Beti Gazteren alde. Falta hori baliatu dute kanpotarrek, gola sartu eta amaierako emaitza izango zena ezartzeko.

Partida lehiatu arren, "detaileetan" galdu dutela adierazi du Guridik: "Behealdean zaudenean tentsioarekin jokatzen duzu eta halaxe gertatu zaigu. Behin tentsio hori kenduta, uste dut ondo aritu garela, baina detaileek erabaki dute gaurkoan ere partidua".

UDA eta Bergara sendo

Gizonekoen Ohorezko Erregional mailan lehiatzen diharduten UDAk eta Bergak sendotasun handiarekin jarraitzen dute sailkapeneko goiko postuetan asteburuan lortu dituzten garaipenen ostean; biak ala biak etxetik kanpo aritu dira. UDAk Beasain azken sailkatuari egindako bisitan 1 eta 4 irabazi zuen, eta, modu honetara, kategoriako lider bezala jarraitzen du. Bergarak Tolosan jokatu zuen eta gol bakar bat nahikoa izan zen hiru puntuak etxera ekartzeko, huts eta bat irabazi zuen; mahoneroak laugarrenak dira sailkapenean.

Koxka bat beherago, Mondrak sendo jarraitzen du lidertzan, gaur Bilabonaren zelaian 1 eta 4 irabazita. Antzuolak ere garaipen garrantzitsua lortu zuen, atzo, Zestoari irabazita (1-0) eta maila mantentzeko borrokan bete betean sartuta daude. Aloña Mendik berriz, bana berdindu du Ibarran  UDA 'B'-ren aurkako derbian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak