Laboral Kutxak 222,7 milioi euroko irabaziak lortu zituen iaz

Hasier Larrea 2024ko ots. 25a, 17:08

Igoera nabarmenak izan ditu negozio-eremu nagusietan Mondragoneko kreditu-kooperatibak 2023an zehar.

Laboral Kutxak 2023ko ekitaldiaren balorazio ekonomikoa egin du asteon. Testuinguruan kokatuz, 2022ko uztailetik inflazio-tasak hamar aldiz igo dira, Europako Banku Zentralak %4,5ean kokatu du finantzaketa-eragiketa nagusien interes-tasa, eta horrela jarraitzen du joan den irailetik, inflazio-mailak %2 ingurura noiz itzuliko zain. Finantzaketa politika horri eta 2023ko bultzada komertzialari egozten diote Laboral Kutxako arduradunek "igoera nabarmenak" lortu izana euren negozio-eremu nagusietan: bai familiei eta enpresei emandako kredituen atalean, bai aurrezkiaren atalean.

Kaudimena, gora

Bankuaren zerga aurreko emaitza bateratuak 257,27 milioi eurokoak izan dira. Zergetan ordaindutako 34,53 milioiak kontabilizatu ondoren, 2023ko irabazi garbi bateratua %47,99 handitu da, 222,73 milioi euroraino, kooperatibaren gizarte-ekintzaren funtsetara zuzkidura egin aurretik.

Horrekin batera, hobetu egin du likidezia-egoera ere; hain zuzen ere, %66,28koa da, LTD (Loans to Deposits) ratioaren arabera. Bestalde, entitateak kreditu-kalitate "bikainari" eusten dio; izan ere, zalantzagarritasun-tasa egonkorra du, %2,70ekoa, "eta ez da inolako narriadura-zantzurik nabaritzen".

Laboral Kutxak kudeatutako bezeroen baliabideak 29.205 milioi eurokoak izan dira urtearen amaieran, eta 769 milioi euro handitu dira 2023ko ekitaldian: %2,71. Geroago eta bezero gehiagok erabakitzen dute aurrezkien zati bat inbertsio-funtsetara bideratzea; izan ere, %35,73ra iritsi da ondarearen hazkundea. Erretirorako aurrezteko produktuek ERE %9,10eko hazkundea izan dute.

Gainera, gizarte-ekonomiaren, ekintzaileen eta mikro ETE-en garapena bultzatzeko, Europako Inbertsio Funtsarekin elkarlanean 145 milioi euro bideratu zituen.

Aseguruak eta digitalizazioa

Aseguruen negozioak 39,4 milioi euroko emaitza arrunt orokorrak lortu ditu 2023an, 2022an baino %11 gehiago. Bizitzakoak ez diren aseguruen ataleko primak 134,8 milioi eurokoak izan dira, bizitza-aseguruen ataleko primak 59,2 milioikoak, eta arrisku indibidualeko bizitza-asegurukoak 38,8 milioikoak. Auto eta etxe-aseguruetan, aipatzekoa da 2023an gertaera klimatologiko kaltegarriengatik –kazkabarra, eta abar– 6.000 pertsonari baino gehiagori ondasunak konpondu edo kalte-ordainak ordaindu zaizkiela.

Laboral Kutxako bezeroen %60k baino gehiagok profil digitala dute, eta ia %40k nahiago dute bulegoko kudeatzailearekin harreman digitala izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak