Elurragatik abisu horia ezarri dute Euskal Herri osoan eta itsasaldean abisu laranja ere bai, olatuengatik. Goizaldean ostarteren bat zabaldu da eta aukera eman dute inguruko tontorrak zurituta daudela ikusteko. Iragarpenen arabera, eguerdi partean 800 metro inguruan egongo da elur-kota, eta gaualderako 1000 m inguruan egon liteke. Termometroak 3 eta 10 gradu artean markatuko du.
Arratsaldean giro ezegonkorrak jarraipena izango badu ere, aterruneak luzeagoak izango dira, mendebaldeko haizearekin.
Haizea zakartuko da
Euskalmeten biharko iragarpenek diote bihar hego-mendebaldeko haizea zakar ibiliko dela eta euria egingo duela. Haize horrek tenperaturaren gorakada eragingo du eta maximoak ipar partean 15 ºC-tik gora geldituko dira. Elur-kota igotzen joango da eta 1500 m-tik gora kokatuko da. Kantauri itsasotik oso gertu pasako den borraska bati loturiko fronteek euria utziko dute, batez ere goizean eta gau partean.