Leintz Bailarako Ekiolaren webgune berria martxan da

Miren Arregi Amasorrain 2024ko ots. 23a, 13:30

Bazkidetza prozesua modu errazean egitea ahalbidetzen duen webgunea gertu du Leintz Bailarako Ekiolak.

Leintz Bailarako Ekiolak gertu du web orria leintzbailara.ekiola.eus helbidean. Euskaraz eta gazteleraz, energia berriztagarrien komunitatearen gaineko informazioa eskaintzen du –ekimenaren abantailak, zer den, zertarako, ohiko galderak, bazkide kontsumitzailearen baldintza orokorrak, albisteak…–, bai eta bazkide egiteko prozesua ahalbidetzen duen atala ere.  

Izen-ematea online

Web orria gertu izatea "albiste garrantzitsua" dela azaldu dute Leintz Bailara Ekiolatik, "erabiltzaileak online bidezko prozesu erraza jarraitu" ahal izango baitu bazkide egiteko. Bazkide egin nahi dut deritzon atalean sakatu eta formularioa bete beharko dute interesatuek. Formularioan datu pertsonalak, hala nola, izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa, NAN zenbakia eta abar txertatu beharko ditu interesatuak, baita kontsumoari loturiko datuak ere. 

Formulario hori beteta, email bat jasoko du eskaria egin duenak, kontratuekin, bazkide izateko egin beharreko hasierako ekarpen ekonomikoaren zifrarekin eta transferentzia egin beharreko kontu korronte zenbakiarekin.

Informazio hori irakurri eta aztertu ondoren, eta proposamenarekin ados egonik, transferentzia egin beharko da dagokion kontuan. Hurrengo errektore kontseiluak onartuko du bazkidetza berria. 

Energia berriztagarria sortzeko komunitatea

Leintz Bailarako Ekiola irabazi asmorik bako kooperatiba bat da, instalazio fotovoltaiko baten bitartez energia berriztagarria sortzera bideratua. Energia-komunitateak herritarrek trantsizio energetikora batzeko duten aukeratako bat dira, tokiko energia berriztagarria, ahalik eta inpaktu txikienarekin sortutakoa sortzera bideratuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak