Hauteskundeak apirilaren 21ean izango direla iragarri du Urkulluk

Itziar Larrañaga Sarasola 2024ko ots. 22a, 18:43

Iñigo Urkullu lehendakaria gaurko prentsaurrekoan.

Aurreikuspenak bete dira, Eusko Legebiltzarrerako bozak apirilaren 21ean izango dira. Hala iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak ezohiko gobernu bileraren ostean egin duen prentsa-agerraldian.

Urkulluk jakinarazi du hiru irizpide hartu dituela kontuan data zehazterakoan: onartu eta gizartearekin konprometitu zuten programa betetzea, hurrengo Eusko Jaurlaritzari eta lehendakariari ahalik eta legaturik onena uztea, eta, euskal gizartearen interes orokorra defendatzea.

Gaurko gobernu kontseiluan sailburuekin aipaturiko irizpideak partekatu eta data zehaztu du: apirilaren 21a. Horrela izan dadin dekretua 54 egun lehenago argitaratuko da, datorren martitzenean, otsailaren 27an. Halaber, apirilaren 5ean hasiko da hauteskunde kanpaina ofiziala.

2012an kargua hartu zuenetik egindakoak ekarri ditu gogora lehendakariak. Hamabi urte izan direla azpimarratu du eta luze jardun du lorpenen eta bizitakoen inguruan errepasoa eginez. Modu berean, barkamena ere eskatu du egindako akatsengatik. Ondorio moduan azpimarratu du ohore bat dela "Euskadi aurreratuagoa eta justuagoa uztea" bere ostean etorriko direnei. Halaber, eskerrak eman dizkie euskal gizarteari nahiz legebiltzarkideei.

Lehendakarigaiak

2023 amaieran hasi ziren entzuten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lehen hautagaien izenak, eta dagoeneko alderdiek zehaztu dituzte beraien lehendakarigaiak. Imanol Pradales izango da EAJren lehendakarigaia, Pello Otxandiano EH Bildurena, Eneko Andueza PSE-EErena, Javier de Andres PPrena, Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-rena, eta, Alba Garcia Sumar alderdiarena. 

Otxandiano "prest kanpainari ekiteko"

Urkulluren iragarpenaren ondoren EH Bilduren lehendakarigai Otxandianok adierazi du aurreikusi zitekeela data, "apirilaren 21a denon ahotan" egon delako: "Mundu guztia dago ia kanpainan eta denok gaude prest kanpainarekin hasteko".

Era berean, "goi mailako eztabaida politiko bat" eskatu du "herri honek dauzkan erronken inguruan", eta horretarako konpromisoa hartu du: "Hori da gure konpromisoa eta hori da gainontzeko alderdiei proposatzen dieguna".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak