Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du arratsaldeko laurak arte haizeteengatik, barnealdean zein kostaldean. Hego mendebaldeko haize boladek ehun kilometro orduko abiadura gainditu dezakete haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan; haizegune ez diren tokietan, aldiz, 80 kilometro ordukoak izan daitezke.
Arrasaten, esate baterako, jada nabari dira haizeteen ondorioetako batzuk, San Andres kalean fatxada zati bat erori baitzaio eraikin bati. Dena den, ez da zauriturik izan, eta suhiltzaileek ingurua garbitu dute.
Bihar eta etzi ere abisu horia ezarriko du Jaurlaritzak, baina elurrarengatik, bihar 12:00etan hasi eta zapatuko 15:00ak arte. Elur kota 800 metro inguruan kokatuko da bihar, eta Kantauri isurialdean zaparrada ertainak botako ditu. Trumoi-ekaitzak ere izan daitezke. Etzi, berriz, hilaren 24an, 700 metro inguruan kokatuko da elur kota, igo egin daitekeen arren iluntzean. Zaparradak eta trumoi ekaitzak ere egin ditzake.