Errespetu handiarekin kantxaratu dira bi taldeak Iturripera, eta aurreneko minutuetan ez dute askorik arriskatu nahi izan; defentsari garrantzi handia eman eta erasoan eraginkorrak izaten saiatu dira bai arrasatearrak, baita bergararrak ere; baina aurkariaren atearen aurrean ez dute askorik asmatu. Gol gutxiko zatia izan da lehenengoa, eta markagailuan 8-9 aurretik iritsi dira mahoneroak atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan, derbi batek izaten dituen ezaugarri guztiak betetzen jarraitu dira: defentsan gogor, lehia guztietan dena ematen eta aurkariaren akatsei etekina atera nahian aritu dira. Bigarren zati osoan zehar parez pare aritu dira bi taldeak, eta argi zeukaten bai Ane Herrerok baita Joseba Elortzak ere talde eraginkorrenak irabaziko zuela partidua; eta hala izan da. Azkenengo minutuetan arrasatearrek zenbait baloi galdu eta akats horiek ezin hobeto baliatu dituzte bergararrek markagailuan hiru goleko errenta lortu eta amaiera arte tarte horri eusteko.
Datorren asteburuan sailkapenean azkenengo postuan kokatzen den Elgoibarren kantxa bisitatuko du Mugarri Ingouk; Soraluce BKEk, berriz, Eibarko taldea izango du aurkari Labegaraietan.
Txanponaren bi aldeak
Bolada onean jarraitzen du Aloña Mendiko emakumezkoen senior taldeak eta igoera fasera sailkapena ia bideratuta utzi zuen atzoko garaipenaren ostean. Borda Ardoak talde zarauztarrak bisitatu zuen Zubikoa atzo, zapatua, arratsaldean, baina Iñaki Zabarteren taldeak ez zien ezer positiborik ateratzeko aukerarik eman zarauztarrei. Defentsan tinko eta erasoan eraginkor aritu ziren oñatiarrak, eta 28-18 irabazita sailkapenaren bigarren postuan jarraitzen dute. Datorren asteburuan Lezora joko dute Munttape Kaialde taldearen aurka jokatu eta bolada onari jarraipena emateko.
Aloña Mendiko gizonezkoen senior taldea, berriz, txanponaren beste aldea bizitzen ari da. Atzo 29-17 galdu zuten oñatiarrek Elgoibarren, eta zuloan sartuta jarraitzen dute Arrizabalagaren mutilek. Denboraldian zehar oztopo asko izan dituzte; lesio mordoxka eta gol bakarreko errentagatik galdutako hainbat partida, esaterako. Hala ere, “buruak igo eta dinamika honi buelta emateko asmoz” daudela dio Arrizabalagak. Datorren asteburuan aurkari zuzen baten bisita jasoko dute Zubikoan; Donostiako Saieko taldea izango dute aurkari.