Atzo, zapatua, urrezko domina lortu zuen Malen Ruiz de Azua arrasatearrak Ourensen jokatu den Espainiako Atletismo Txapelketan eta Espainiako txapeldun izatea lortu zuen. Pertika-jauziari dagokionez, estatu mailako izen handietako bat da Ruiz de Azua eta atzoko emaitzaren ostean, berretsi egin du modalitate honetan duen maila handia. Ez du aurkaririk izan atleta arrasatearrak eta, 4,30 metroak gainditzea lortuta, laugarrenez, Espainiako txapeldun bilakatu da.
Carrascalek atzamarrekin ukitu zuen urrea
Oso gertu izan zuen Eneko Carrascalek urrezko domina; izan ere, azkenengo jauzira lehenengo sailkatu gisa iritsi zen arrasatearra, baina Pablo Torrijos atleta castelloarrak hamasei metroak gainditzea lortu zuen (16,02) azkenengo aukeran. Haren ostean izan zuen Carrascalek lehenengo postua berreskuratzeko aukera eta, txapelketako marka hoberena egin bazuen ere (15,97), ez zuen lortu Torrijos garaitzea.
Calbanok, brontzea
Gaur, berriz, 21.21 segundo behar izan ditu Andoni Calbano bergararrak helmuga zeharkatu eta Espainiako hirugarren korrikalari onena izateko 200 metrotan. Arazo handirik gabe sailkatu zen finalera Calbano (21.20) eta gaur atzo bezain bizkor aritu da atleta bergararra, podiumera igo eta brontzezko domina janzteko. Kiniela guztietan zuen podiumean toki bat Calbanok eta, Juan Carlos Castillok gauzak zaildu egin badizkio ere, haren aurretik helmugaratzea lortu du.