Gainean dago Espainiako txapelketa absolutua. Zapatuan, Malen Ruiz de Azua (pertika-saltoa, 17:50) eta Eneko Carrascal (salto hirukoitza, 17:45) lehiatuko dira; eta domekan izango da Bergarako Andoni Calbanoren txanda (200 metroko lasterketa, 11:20). Eta ez dira lehiatzera mugatuko; izan ere, protagonistak izan daitezke, euren modalitateetan domina eskuratzeko faboritoen multzoan daude-eta hirurak.
Hutsune nabarmenetako bat, berriz, Maialen Axperena izango da. Azken urteotan Bedoñakoa izan da Espainiakoan urrea jantzi duena, baina Axpe ez da Ourensen egongo. Neguko denboraldia ez du nahi modukoa egin, eta dagoeneko aire libreko denboraldira begira jarrita dago.
Ruiz de Azua faborito
Pertika-saltorako Malen Ruiz de Azua da faborito nagusia. Arrasatekoak 4,40ko marka egin zuen joan den astean Antequeran, eta GOIENAri aitortu dio horrek konfiantza eman diola; izan ere, neguko denboraldia ohi baino beranduago hasi zuen. "Iaz, lesio batek dezente baldintzatu zidan urtea, eta udako atsedenaldiaren ondoren ez nuen denboraldi berria arrapaladan prestatu nahi. Urrian hasi nuen denboraldiaurrea, eta egia da hilabeteko atzerapen hori igarri egin dudala; oraindik 2-3 aste geratzen zaizkit nire onenean egoteko. Pertikarekin feeling hori falta zait, baina Antequerako markak lasaitu egin nau, eta txapelketa ona egin dezakedala uste dut", dio arrasatearrak.
Oraingoz, hura da 2024an marka onena egin duen atleta, baina lehia polita izango du Ana Carraskorekin (4,32) eta Andrea San Joserekin (4,30). Gainera, txapelketa ondoren ez du geratzeko asmorik: "Beste urte batzuetan, aire librea hasi aurretik geldialdia egin izan dugu, baina aurten ez. Asmoa da prestakuntzarekin jarraitzea eta maiatzean izango ditugun txapelketa garrantzitsuetara ondo iristea".
Ezustea emateko gertu
Bestetik, Eneko Carrascal eta Andoni Calbano ere dominen borrokan ibil daitezke. Carrascal iaz min hartuta egon zen, baina joan den astean Antequeran 15,87ko marka egin zuen –urteko onena–. Hala, salto hirukoitzean Jordan Diazek ez du kontrariorik izaten, baina kubatarra ez da txapelketan egongo, eta arrasatearra Pablo Torrijosekin, Ramon Adaliarekin eta konpainiarekin lehiatuko da. Andoni Calbanok, berriz, urtarrilaren 28an Donostian egindako proban erlojua 21.21en geratu zuen, eta marka oso ona da, jakinda Daniel Rodriguez (21,08) eta Adria Alfonso (21.10) gertu egon daitezkeela.