Soraluzen egingo dute bihar, zapatua, Señora Bertso Eguna. "Azken urteetako Señora Sariketaren arrakasta ikusita, sariketaz gain, lehiara bideratuta egongo ez den ekimena antolatzea pentsatu dugu", azaldu dute antolakuntzatik. Egun hori "bertso munduaren bueltako genero disidente ororentzat ospakizun eguna" izatea gura dute. Horretarako, goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute. Eguerdiko hamabietan bertso-poteoarekin ekingo diote egunari, eta, ondoren, bazkaria egingo dute kiroldegian. Bazkalostean bertso-sortak entzuteko aukera egongo da eta 17:30ean egingo dute bertso-saioa. Amaitutakoan, Elektropottotte elektrotxarangarekin poteoa egingo dute. Bukatzeko, 22:00etan, kontzertuak egingo dira Soraluzeko gaztetxean, Eire eta DJ Txillardegiren eskutik.
Bazkarirako txartelak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian. Erreserbatu egin behar dira, eta egunean bertan 15 euro ordaindu. Bazkarira ez doazenek arratsaldeko bertso saioa bost euro ordaindu beharko dute; kontzertuak, borondatezko ekarpenaren truke izango dira.