Behera egin du heriotza kopuruak Debagoienean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko ots. 16a, 07:58

Debagoieneko heriotza kopuruaren bilakaera.

Eustat-en datuen arabera, 2023ko hirugarren hiruhilekoan 140 pertsona hil ziren, 2022ko garai berean baino 47 pertsona gutxiago. Ibarreko herri guztietan egin du behera heriotza kopuruak, Aramaion izan ezik, 2022an baino bi pertsona gehiago hil baitira.

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) aste honetan emandako datuen arabera –2023ko hirugarren hiruhileko datuak–, heriotza kopuruak behera egin du Debagoienean. Guztira, 140 heriotza erregistratu ziren bailaran 2023ko hirugarren hiruhilekoan; 2022ko garai bereko datuekin konparatuz gero, 47 heriotza gutxiago izan ziren: 187. Eta 2023ko aurreko bi hiruhilekoekin alderatuta ere behera egin zuen zenbatekoak; izan ere, lehen hiruhilekoan 194 heriotza izan ziren eta bigarrengoan, 167.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) datuetan ere norabide hori nabaria da; hain zuzen ere, %15,6 gutxitu ziren heriotzak 2023ko hirugarren hiruhilekoan.

Etengabe beherantz

Herrika 2023ko hirugarren hiruhileko datuak 2022ko garai berekoekin alderatuta behera egin du herri guztietan, Aramaion izan ezik, orduan bost heriotza jaso baitziren eta oraingoan hiru. Eustatek kaleratu dituen 2023ko datu guztiak alderatuta, Arrasaten 57 heriotza izan ziren –aurreko bietan 78 eta 71–. Aretxabaletan eta Eskoriatzan hamarna izan ziren, baina Aretxabaletan aurreko bi hiruhilekoetan hamasei eta hamaika izan ziren hildakoak eta Eskoriatzan hamaika eta hamasei. Antzuolako kasuan, hiru pertsona zendu ziren hirugarren hiruhilekoan, eta beste bietan, sei eta lau. Eskoriatzan, aldiz, 22 eta hamazazpi; Elgetan, bakarra; Antzuolan, hiru; Leintz Gatzagan, bat ere ez.

Bergaran ere jaitsiera izan zen hirugarren hiruhilekoan, 34 heriotza zenbatu baitziren, eta bigarren hiruhilekoan, aldiz, 43; hala ere, bigarren hiruhilekoan gorakada izan zen, urtearen lehen hiruhilekoan 37 pertsona hil baitziren.

Aurreko hiruhileko kopuru bera

Oñatin, Elgetan eta Gatzagan mantendu egin zen heriotza kopurua bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, baina behera egin zuen lehen hiruhilekoarekin konparatuta. Oñatin 20 lagun zendu ziren bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan; lehenengoan, 30. Elgetan, berriz, bana, baina urte hasieran lau. Eta Gatzagan, urtearen lehen zatian pertsona bakarra eta beste bi hiruhilekoetan inor ere ez.

Aramaion, aldiz, mantendu egin zen heriotza kopurua lehen hiru hiruhilekoetan; hiruretan, bosna heriotza erregistratu ziren. 2022ko laugarren hiruhilekotik mantendu zen bosteko kopurua. 2023ko eta 2022ko hirugarren hiruhilekoetako datuak alderatuta, Aramaio izan zen heriotza-tasak gora egin zuen herri bakarra ibarrean: 2023an bost izan ziren eta 2022an hiru.

EAEn ere joera bera

Eustatek argitaratutako datuen arabera, EAEn 5.099 pertsona hil ziren 2023ko hirugarren hiruhilekoan; aurreko urtean baino %15,6 gutxiago. Gipuzkoan 1.712 heriotza erregistratu ziren 2023ko hiruhileko hartan –2022an, 1.940; %11,8 gutxiago–; Bizkaian, 2.735 –2022an, 3.338; %18,1 gutxiago–; eta Araban, 652 –760; %14,2–.

Heriotza-kausa nagusiak tumoreak izan ziren gizonezko nahiz emakumeengan –denera, 1.519 heriotza–; zirkulazio-sistemako gaixotasunak 1.158 heriotza eragin zituen –607 emakumeengan eta 551 gizonezkoengan–; hirugarren heriotza kausa, berriz, nerbio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 339 heriotzarekin.

121 heriotzatan COVID-19a izan zen kausa nagusia. Heriotza horiek guztiak baieztatutako koronabirus kasuengatik izan ziren; gainera, beste 36 heriotzatan COVID-19a heriotza-kausa ziurtatuen artean egon zen, baina funtsezko kausa izan gabe.

Orokorrean, abuztuan eta irailean jaitsi egin ziren heriotzak; hurrenez hurren, %9,2 eta %2,6 aurreko urteko hilabete berberen aldean. Hala ere, uztaileko beherakada nabarmendu dute, %30,9 jaitsiera izan baitzuen heriotza-tasak: "Gogoratu behar da 2022ko hirugarren hiruhilekoan heriotza kopurua nahiko handia izan zela; 2023ko hirugarren hiruhilekoko datuak 2019ko hiruhileko bereko datuekin alderatuz gero COVID-19aren pandemiaren aurreko urtea–, %2,8ko igoera gertatu da".

2022ko laugarren hiruhilekoa

Hala, 2022 eta 2023. urteen bitartean heriotza kopuru handiena –208 heriotza– 2022ko laugarren hiruhilekoan zenbatu zen Debagoienean. Ibarreko datuen joera, ordea, orokorrean, ez da izan EAEko datuenen bera; izan ere, batez beste, hiru lurraldeetan hirugarrengoan jo zuen goia heriotza kopuruak –Eustatek gogorarazi du koronabirusak baduela zerikusia goranzko joera horrekin–. Ibarrean 2022ko hirugarren lauhilekoan 187 heriotza zenbatu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak